Lopez eta Goikoetxea arituko dira bihar aurrez aurre Zumaia Jai Alai txapelketako finalean

Baleike 2019ko ira. 26a, 15:19
Goikoetxea, Cosme eta Lopez izan dira txapelketan parte hartu duten zumaiarrak.

Lopezen bikotea Egiguren izango da, eta Goikoetxearena, aldiz, Basque. Finala Aitzurin jokatuko da, 22:00etatik aurrera. Sarrerak salgai daude kiroldegian, 10 euroan.

Zumaiarren arteko finala jokatuko da bihar iluntzean Aitzuriko frontoian, izan ere, Zumaia Jai Alai txapelketako azken partidara Imanol Lopez eta Iñaki Goikoetxea iritsi dira.

Pasa den ostiralean jokatu ziren final erdiak eta Lopezek eta Egigurenek osatzen duten bikoteak 15-11 eta 15-11 irabazi zioten Olharanen eta Minvielleren bikoteari. Goikoetxeak Basquerekin jokatu zuen eta horiek ere erraz irabazi zioten Cosme eta Etchetoreren bikoteari: 15-4 eta 15-10. 

Hala, aski ezagunak diren Lopez eta Goikoetxea etxeko zaletuen aurrean lehiatuko dira bihar, 22:00etatik aurrera. EITBk finala zuzenean emango du, baina partida harmailetan ikusi nahi dutenek gaur arte sarrera erosteko aukera dute kiroldegian 10 euroren truke. Bihar, partida baino lehen jarriko dira salgai, frontoiko leihatilan.