Gaur bukatuko da Euskal Kosta Krosean izena emateko epea

Urola Kostako Hitza 2019ko ira. 26a, 11:18

Larunbat arratsaldean jokatuko da hirugarren urtez, aurten Getariatik abiatuta. Zarautz eta Zumaia arteko errepidea itxiko dute bi noranzkoetan.

 

Larunbat honetan jokatuko da III. Euskal Kosta Krosa, aurten Getarian hasi eta bukatuta, baina bertan parte hartu nahi dutenek eta oraindik izena eman ez dutenek azkar ibili beharko dute,  epea gaur gauerdian bukatuko delako. Korrikalaria izan nahiz roller patinatzailea izan, biek ala biek www.kronoak.com webgunean egin beharko dute inskripzioa; korrikalarienak 25 euro balio du, eta patinatzaileenak, berriz, 20 euro.

Lasterketa Getariako frontoian hasiko da 17:00etan, eta Zumaiarako bidea hartuko du. Zumaian, Gernika parketik barrena Amaiako plazara helduko da, eta Erribera kalea zeharkatu ostean, Patxita Etxezarreta kaletik joanda Getariara bueltatuko dira. Kostako errepidetik jarraituta, Zarautzera helduko dira. Kale Nagusian sartu eta San Frantzisko kaletik, Nafarroa kalera helduko dira, berriro Getariara itzultzeko. Proba amaiera Malkorbe hondartzarako bidegurutzetik igaroko da: portura jaitsi, Artzape hartu eta Kale Nagusian gora eginda udaletxe alboan amaitzeko.

Korrikako saioaren aurretik abiatuko da patinatzaileen lasterketa, 16:30ean, Zarauztik. Getariatik igaro ondoren, Zumaiako herri sarrerako biribilguneari buelta emango diote, eta atzera Zarautzera itzuliko dira.

Errepidea itxita

Euskal Kosta Krosa lasterketa dela eta, larunbatean N-634 errepidea itxi egingo dute Zarauztik Zumaiara, bi noranzkoetan, 16:15ean. Horrek eragina izango du trafikoan, eta erabiltzaileek pazientziaz jokatu beharko dute. Gaztetape-Zumaia noranzkoa 17:50ean irekiko dute, eta Zumaia-Getaria, berriz, 18:30ean. Zarautz eta Getaria arteko bi noranzkoak, ordea, beranduago zabalduko dituzte: 19:25ean, alegia.

Une oro, Meagako bidea irekita egongo dela jakitera eman du Getariako Udalak, eta San Prudentzioko eta Askizuko auzotarrentzat Gaintza-Indauxeko by-passa irekita. Bestalde, autobus zerbitzua egokitzeko lanzaderak izango dira.