‘Formak’ erakusketa zabalduko da bihar Oxforden

Baleike 2019ko ira. 25a, 17:19

Fernando Mardones artista eta irakasle bilbotarrak lehen aldiz erakutsiko du bere lana Zumaian. Urriaren 13ra arte egongo da zabalik egunero, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:30etik 14:00etara.

Fernando Mardones artista bilbotarrak debuta egingo du Zumaian Formak izeneko erakusketarekin. Gurean lehen aldia izan arren,  indibidualki aurkezten duen 22. erakusketa du. Unibertsitateko irakaslea den artistak ibilbide luzea du artearen munduan. Bere lana batez ere Bizkaian da ezaguna, baina nazioartean ere erakutsi du; Bruselan eta Palermon, kasu. 

Bihar zabalduko duen erakusketa lauzpabost seriez osatutako lana da, eta bertan, izenak dioen moduan, ikusleek forma ezberdinak ikusteko aukera izango dute. "Pintura lan honek ez du bereziki ezer irudikatu nahi. Kromatismoa eta formak lantzea izan da bilatu dudana, eta horren inguruan garatu dut obra", adierazi du. Obra guztiak bost urte hauetan egindakoak dira.

Bere lana erakustea eta ezagutaraztea du helburu Mardonesek. "Jendartean zer inpaktu edo harrera sortzen duen interesatzen zait. Iritziak bilatzen ditut; askotan ikuslearen pentsaerak ez datoz bat artistaren ideiekin eta hori interesgarria da. Are gehiago nirea bezalako lanetan, hau da, errealismotik urruti daudenetan".

Formak erakusketako obra guztiak pintura dira, paper gainean egindako marrazkiak. "Grabatuak egiten ditut lehendabizi, eta horien  gainean papera jarri eta margotu egiten dut. Azkenean, trazuarekin, testurarekin eta kolorearekin esperimentatu dut", kontatu du.

Erakusketaren irekiera ekitaldia bihar izango da 19:00etan, eta urriaren 13ra arte egongo da ikusgai Oxford aretoan ordutegi honetan: egunero, 18:00etatik 20:00etara, eta asteburuetan, 12:30etik 14:00etara.