Hirukide Zumaian izango da bihar, elkartearen jardueren berri emateko

Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioa, Hirukide, Alondegia Kultur Etxean izango da bihar. Familia ugari guztiak edota laster izango direnak gonbidatu dituzte aurkezpenera. 

Hirukide Euskadiko Kide Ugariko Familien Federazioa Zumaian izango da bihar, federazioaren zerbitzuak eta jarduerak ezagutzeaz gain, kolektiboak dituen laguntza eta hobari publikoei buruzko informazioa jaso zein iradokizunak eta erreklamazioak aurkezteko. Alondegia Kultur Etxean jarri dute hitzordua, 18:00etan.
 
Azken urteotan kolektibo honi zuzendutako berritasunak azalduko dituzte. Agiraren Bonu Soziala eta termikoa izango dute hizketagai, horien artean: gobernuak berogailuaren gastuei aurre egiteko emango duen laguntza. Pasaportea eta NANa egiteko tasen salbuespenaz ere arituko dira. Izan ere, kide ugariko familiek doan berritu dezakete NANa edo pasaportea. Kide ugariko familia izaeraren hedapenaren inguruko argipenak ere emango dituzte. Hain justu ere, familiek titulu hori izaten jarraituko dute seme edo alaba gazteenak legeak ezarritako adina bete arte. Legeak eskatzen duen gehieneko adin hori betez doazen seme-alabak titulutik at geratuko dira, baina familiako gainerako kideen kasuan, familia ugaria izaten jarraituko dute gazteenak legezko adin hori bete arte. Bestetik, amatasunagatiko osagarriaz hitz egingo dute: gutxienez bi seme-alaba izan dituzten emakume langileen kontribuzio-pentsioetan. % 5 handituko da, bi seme-alaba izan dituztenentzat; % 10, hiru izan dituztenentzat; eta % 15, berriz, erretiroa hartu eta lau seme-alaba edo gehiago izan dituztenentzat.