Ekain Albitek ‘Erroitz’ film laburra aurkeztuko du ostegunean Aita Marin

Baleike 2019ko ira. 24a, 19:57

Zuzendariarekin batera aurrestreinaldian egongo dira  Inaxio Tolosa, Esti Curiel eta Agurtzane Intxaurraga pelikulako aktoreak. Proiekzioa 19:30ean hasiko da Aita Marin, eta behin amaituta galderentzako tartea izango da. Sarrera doakoa da.

Aurrestreinaldirako urduri dagoen arren, “gogotsu eta ilusioarekin” dago Ekain Albite zinema zuzendari gaztea. “Nahiz eta aurretik lan batzuk egin ditudan, ofizialki Erroitz film laburra da nire lehen lana", aipatu du. Bartzelonako ESCAC zine eskolako ikasten du zumaiarrak, eta hain zuzen, eskolarako egin behar zuen lana da ostegunean aurkeztuko duen filma. “Eskolako lana aitzakia moduan hartu genuen, eta zerbait handiagoa egitea pentsatu genuen nire taldekideek eta nik”, azaldu du.

Guztia arrotza den etxe batean, Mirenen itzuleraren gora beherak kontatzen ditu filmak. “Mirenen itzulera ikusiko dute ikusleek, eta azkar nabarituko dute itzulera horretan zerbait arraroa dagoela. Ez dute jakingo nondik bueltatu den, zer gertatzen den bere gurasoekin… Hala, Mirenekin batera jakingo dute zer gertatu den, zergatik joan den… Laburmetraiak pixkanaka ezagutuko diren aurkikuntzekin jokatuko du, eta ikusleek erantzuna bertan aurkituko dute”, kontatu du.

Mirenen papera Esti Curielek egingo du, eta haren gurasoena, berriz, Inaxio Tolosak eta Agurtzane Intxaurragak. “Gauza bat argi nuen: ezagutzen nituen aktoreekin lan egitea. Azkenean errazagoa da bai ikuspuntuak konpartitzeko baita grabazioko kontuak eztabaidatzeko ere. Esti eta Inaxio nire antzerkiko irakasleak izan ziren, eta Agurtzanerekin aurretik ere lan egindakoa naiz”, azaldu du.

Bergarako etxea

Filma egitea talde lana izan den arren, gidoia Albitek eta Bartzelonako lagun batek idatzi dute. Zuzendari lana, berriz, zumaiarrarena izan da. Eskolako taldekideei kontatu zien ideia, eta istorioa non grabatu nahi zuen ikusi zutenean, baiezkoa jaso zuen. “Otsailean etorri ziren lokalizazioa ikustera eta asko gustatu zitzaien. Grabaketa lanak, berriz, apirilean egin genituen”, esan du.

Istorioa Bergarako etxe batean gertatzen da, eta etxe horrek pelikulan duen indarra nabaria da. “Beste protagonista bat dela esan daiteke”, adierazi du. Estetika aldetik, kontatu nahi den familiako giro arrotza girotzeko asko balio duen lekua dela aipatu du. “Pertsonaien istorioaz gain, etxe horretan nola pasa den denbora eta gurasoak etxearekin zahartzen joan direla ikusiko da. Etxeak badu nolabait misterio hori eta eta pelikularen zati garrantzitsua da”, jarraitu du.

Etxea antzinako baserri handi bat da, 300 bat urte dituena. “Familiako etxea da. Gaur egun ez da inor bizi eta utzita dago, baina gurea da. Betidanik izan da niretzat zerbait misteriotsua, eta kuriositate horretatik abiatuta sortu dut istorioa. Etxe horri buruz nire familiari galdetuta eta erantzun horien bueltan idatzi dut gidoia. Azken finean, etxeak berak sortu du istorioa”, nabarmendu du.

Erroitz hitzak zer esanahi duen galdetzean, azalpen kurioso bat eman du Albitek. “Amak kontatu zidan behin Iparraldean erabiltzen den hitza dela. Zer esanahi zuen begiratu eta hiru definizio zituela konturatu nintzen:  azaleko urradurak, amildegia eta erroak. Hasiera batean filma amildegi batean hasten zen, beraz, izena ongi zetorkion. Azkenean hori aldatu egin dugu, baina  etxeak pitzadurak ditu eta istorioa jatorriari buruz doa. Horregatik, izenburu perfektua iruditu zitzaigun”.

Italiako FSN jaialdian

Duela pare bat aste, zine eskolen arteko topaketa batean erakutsi zuten filma Italian. "Parte hartu zuten eskolek bertako ikasleek egindako lanak aurkeztu zituzten, eta Bartzelonatik, beste bi laburrekin batera, gurea izan zen aukeratua. Oso gustura geunden aukeratua izan zelako, baita jaialdian izan zuen harrerarekin ere. Topaketako parte hartzaile batzuek beraien eskoletara bidaltzeko eskatu ziguten, beraz, oso pozik gaude. Ea ostegunean herrikoei ere gustatzen zaien. Opari bat da guretzako Zumaian erakustea”, amaitu du.

Aita Marin aurkeztuta, postprodukzioko azken ukituak egingo dituzte eta asmoa dute festibal ezberdinetan ematea.