Ludotekako ikasturte hasierako guraso bilera egingo da etzi

Baleike 2019ko ira. 24a, 17:41

Ludotekak guraso eta tutoreen bilerarekin hasiko du kurtso berria ostegunean: 18:30ean euskaraz izango da, eta 19:00etan gazteleraz. Bilera Ludotekan bertan egingo da. Astelehenean zabalduko ditu ateak gaztetxoei.

Ludoteka 6-12 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua da. Ez da eskola, baina jostailu eta jolasaren bidez haurraren nortasuna garatzea helburu duen zerbitzua da eta umeek zuzeneko arreta jasotzen duten lekua.

Haurrentzat ekintza gidatuak egunero, jostailuen mailegua eta ekintza bereziak (festak, irteerak...) biltzen ditu zerbitzuak. Astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:30era egoten da irekita.

Horretaz gain, 10-12 urte bitarteko gaztetxoentzat LudoKeta programa eskaintzen du, hilabetean bi ostiraletan 19:30etik 20:30era. Gainera, guraso eta tutoreentzat informazio zerbitzua eskaintzen du, baita familientzako ekintzak zein jostailu erakusketa ere.

Irekiera astelehenean

Ludotekako ikasturte hasiera astelehenean, irailaren 30ean, izango da. Bertako kide izan eta parte hartu nahi dutenek ondoko dokumentu hauek eman beharko dituzte:

  • Izena emateko orria beteta

  • Ordainagiria

  • Familia ugarien edo/eta DBE-GLL agiria

  • 2 argazki (haur berriak direnenen kasuan)

Ludoteka zerbitzuak 49,63 euro balio du (familia ugarien kasuan 33,61 euro). LudoKetaren erabiltzaile diren 10-12 urte bitarteko gaztetxoen kasuan, 12,41 euro balio du. DBE-GLL onuradunak ordainketatik salbuetsita daude. Bestalde, Ludotekako kuota ordaintzen duten LH 4-6 bitarteko haurrek ez dute LudoKetakoa ordaindu beharko.

Ordainketa honako kontuan egin beharko da: KUTXA ES30 2095 5174 91 1061601620