Mugipuzkoa Zumaian izango da etzi

Baleike 2019ko ira. 23a, 17:02

Mugi sistema herritarrengana gerturatzeko helburua du ekimenak. Saregileen plazan izango da goizean, eta, besteak beste, mugi txartela tramitatzeko aukera izango dute herritarrek. 

Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak antolatuta, Mugipuzkoa ekimena izango da asteazkenean Zumaian, 10:30etik 15:00etara, Saregileen plazan. Garraio publiko jasangarriaren eredua zabaltzeko ekimen ibiltaria da Mugipuzkoa, eta Europako Mugikortasunaren Astearen harira antolatu dute. 

Mugi sistema herritarrengana gerturatzeko helburua du, bide batez, garraio publiko jasangarria sustatuz. Guztira, bost udalerri bisitatuko ditu ekimenak. 

Mugi txartela bertan tramitatzeko interesa duten herritarrek bertan izango dute argazkia ateratzeko, agirien kopiak egiteko, inprimakia betetzeko eta ordainketak burutzeko aukera. Erabiltzaileen kezkak eta zalantzak ere argituko dituzte, eta ekarpenak egiteko aukera ere egongo da.