‘Eterna’ eta ‘Erlegorriyak’ taldeak garaile kuadrila arteko batel estropadan

Baleike 2019ko ira. 21a, 17:57

Guztira, 32 taldek hartu dute parte Olarro Eguneko XIII. Banderako estropadan. Irabazleek 19:30ean jasoko dute bandera, kofradian. Ikusi hemen Arnaitz Rubio Apreak estropadako argazkiekin osatutako bilduma.

Parte hartze altua izan du kuadrilen arteko batel estropadak. Hain zuzen ere, 32 talde aritu dira Olarro Eguneko XIII. Banderaren lehian. Gizonezkoen estropadan Eterna eta Egurra taldeek lortu dute denbora onena, eta bien artean jokatutako finalean, Eterna izan da nagusi.

Emakumezkoen lau taldek jokatu dute estropada, baina horietako bik lehian parte ez hartzea erabaki dute. Bigarren sailkatu den ontzian emakumezko bat falta zuten, eta beraz, ez da beharrezkoa izan finala jokatzea. Honenbestez, lehenengo estropadan erabakita gelditu da irabazlea: Erlegorriyak ontziak egin du denbora onena.