Zumaia Visa txartel berria aurkeztu du Gertu merkatari elkarteak

Baleike 2019ko ira. 18a, 17:43

Gaur arratsaldean egin duten aurkezpenean azaldu dituzte txartel berriaren ezaugarriak. "Azken 10 hilabetetan eskuartean izan dugun proiektua gauzatu dugu", kontatu dute. Urriaren 31 arte dago txartela eskuratzeko aukera, eta lehenengo 1.200 bezeroek 10 euroko opari txekea lortuko dute. Lucia Lacarra eta Iñaki Osa izan dira txartela jaso duten lehen bi herritarrak.

Zumaiako Gertu Merkatari eta Ostalaritza elkarteak azken 10 hilabetetan eskuartean izan duen proiektua aurkeztu du: Zumaia Visa txartel berria, hain zuzen ere. "2018ko azaroan, Gertu elkarteko bazkideok egin genuen ez ohiko batzarrean adostu genuen txartel berri bat nahi genuela elkarterako. Esfortzu eta denbora asko eraman digu proiektu horrek, baina gaur esan dezakegu helburua bete dugula", azpimarratu du Ane Agirrebeña elkarteko lehendakariak.

Proiektu horrekin herria "aire libreko merkataritza gune" bat izatea lortu nahi dute. "Merkataritza txikiari bultzada eman nahi diogu horrela, izan ere, eta sinisten baitugu herriko merkataritza anitzaren batasunean. Uste dugu batasun hori herriaren ongizatea eta bizi-kalitatea lortzeko tresna garrantzitsua dela".

Herritarren atxikimendua

Zumaia Visa txartel berriaren proiektuan parte hartu dute Gertuk, herriko saltokiek, Nafarroako Rural Kutxak eta herritarrek. Azken horietan jarri du fokua Lore Garciarena elkarteko teknikariak. "Gure esperantza da herritarrak proiektu honetara gehitzea, horretarako, txartela eskatu eta erabiliz. Gainera, orain arte moduan, abantaila ekonomikoak jarriko ditugu beraientzat: beherapenak, erosketa bonoak, opariak, sariak...", azaldu du. Bide batez, elkarteko kide ez diren saltokiei ere parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi izan du.

Nafarroako Rural Kutxako bi ordezkari ere izan dira aurkezpen ekitaldian eta horiek txartelaren ezaugarriak azaldu dituzte. Hala, visa horrek ez du titularrarentzako gastu gehigarririk izango, munduko edozein lekutan egin daitezke erosketak baita dirua atera ere, ez da derrigorrezkoa izango Rural Kutxako bezeroa izatea, erosketak hiru hilabetetan ordaindu daiteke inolako interesik gabe, iruzurreko erabilerarako eta ustekabeko heriotzarako asegurua dauka eta NFC teknologiarekin hornitutako txartela da.

Merkaturatze kanpaina

Abian da dagoeneko txartel berriaren merkaturatzea, eta urriaren 31 arte dago eskuratzeko aukera. Eskaera egiteko eskuorri bat bete beharko da eta elkarteko saltokietan edo Rural Kutxan utzi beharko da NAN fotokopiarekin batera. Elkarteko webaren bidez ere egin daiteke tramitea (www.zumaiagertuelkartea.eus). «Txartel zaharra dutenek, eskuorria eta NAN fotokopiarekin batera, hori ere erakutsi beharko dute trukea egiteko», azaldu dute.

Txartel berriaren ordezkapena edo eskaera berria egiten duten lehen 1.200 herritarrek 10 euroko opari txeke bat lortuko dute. «Azaroaren 30a arte izango dute elkarteko saltokietan erabiltzeko». Lehen bi txartelak lortu dituzten pertsonak Lucia Lacarra eta Iñaki Goikoetxea izan dira. Horiek eman diote hasiera kanpainari.