Garapen Iraunkorreko 17 Helburuak ezagutzeko aukera izango da igandean Malen Etxearen eskutik

Baleike 2019ko ira. 17a, 16:41
Malen Etxeak Basadin duen egoitzan egingo dute bazkaria parte hartzaileek.

Malen Etxeak eta Haurralde Fundazioak Batera 2030 proiektua ekarriko dute igandean Zumaiara. Egun osoko egitaraua antolatu dute, eta besteak beste, herrian izango dira Nair Gramajo eta Cinthia Pachecho Moo artistak eta aktibistak. 

Nazio Batuen Erakundeak sustatutako Garapen Iraunkorrerako Helburuak (GIH) oinarri hartuta aktibismorako eta hausnarketarako jardunaldia antolatu dute iganderako Malen Etxeak eta Haurralde Fundazioak. Batera 2030 proiektua jomuga hartuta, artista eta aktibista gazteen topaketa izango da Zumaian.  

Horrela, Nair Gramajo eta Cinthia Pachecho Moo artistek tailer bat eskainiko dute 15:30etatik 18:00eta Torreberrin. Ondoren, 18:00etatik 19:00etara, Rompiendo cadenas izena jarri dioten flashmoba egingo dute Saregileen plazan. Ekintza horrek GIHek dituzten erronkak ikusarazteko helburua du. Goizean, partehartzaileekin Flyscha ezagutzeko ibilaldia egingo dute Algorritik 11:00etan hasi eta 13:00etara. Jarraian, Malen Etxean bazkaria izango dute.

Batera 2030 proiektuak gazteriaren sormena bultzatzen duten proposamen pedagogikoak garatzen ditu, helburu izanik GIHen ezagutza zabaltzea. Zumaian ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat herritan antolatu dituzte ekintzak eta jardunaldiak irailaren 21etik 25era.