Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako saioa izango da igandean Zumaian

Baleike 2019ko ira. 17a, 14:30
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako aurkezpen ekitaldia. Argazkia: Bertsozale elkartea.

Aita Marin jokatuko da txapelketako final-zortzirenetako laugarren saioa, 17:00etan. Sarrerak aurrez daude salgai www.bertsosarrerak.eus webgunean. Agortzen ez badira, zineko txarteldegian eskuratu ahal izango dira igandean bertan 16:00etatik aurrera.

Pasa den asteburuan hasi zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Oñatin eta Amasa-Villabonan jokatu ziren lehenengo bi final-zortzirenekin. Hala, asteburu honetan beste bi saio izango dira: larunbatean, Ordizian eta igandean, Zumaian.

Gurean jokatuko den saioan sei bertsolari hauek igoko dira Aita Mariko oholtzara:

  • Ander Lizarralde Jimeno
  • Beñat Jauregi Etxeberria
  • Gorka Maiz Alustiza
  • Iñigo Gorostarzu Etxebeste
  • Jokin Bergara Eguren
  • Unai Muñoa Amundarain

Aurkezle lanak Saroi Jauregi Aiestaranek egingo ditu eta epaimahaiko kideak hurrengoak izango dira: Eneritz Azkue Basurko, Karlos Ibarguren Olalde, Leire Beloki Lizarralde, Mikel Lersundi Ayestaran eta Mikel Urteaga Azkue. Idazkari lanetan, berriz, Silvia Etxaniz Alberdi ariko da.

Saioko irabazleak zuzenean sailkatuko da final-laurdenetara eta gainontzeko bertsolariek puntuazioaren arabera edukiko dute horretarako aukera. Hauek izango da bertsolariek egin beharko dituzten ariketak:

  • Binaka, gaia emanda, zortziko handian hiruna bertso
  • Binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso
  • Bakarka, lehen puntua emanda, zortziko txikian bina bertso
  • Binaka, gaia emanda, hamarreko txikian hiruna bertso
  • Kartzela: bakarka, gaia emanda, nahi den doinu eta neurrian, hiruna bertso

Sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Agortzen ez badira, zineko txarteldegian erosi ahal izango dira igandean bertan 16:00etatik aurrera.

Jon Maia, final-laurdenetan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan izango da Jon Maia. Final-laurdenetan hasiko du txapelketa duela lau urteko finalera iritsi zelako. Eibarko Coliseo antzokian egingo du estreinaldia urriaren 26an, 17:00etan hasiko den saioan. Zumaiarrarekin batera seikotea osatuko dute ondoko hauek: Zumaiako saioko irabazleak; puntuazioz lehenengoak, bosgarrenak, hamargarrenak eta hamabosgarrenak.