Osorok eta Ostolazak irabazi dute Zumaiako Triatloia

Baleike 2019ko ira. 14a, 23:13
Usoa Ostolazak irabazi du Zumaiako Triatloia. Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Pello Osorok eta Usoa Ostolazak lortu dute garaipena esprint distantziako Zumaiako Triatloian. Zumaiar azkarrenak Juan Mari Azpillaga eta Nekane Agirre izan dira. Triatloi herrikoian berriz, Angel Hilario eta Laura Zabalza izan dira lehenak.

Sasoi betean daudela erakutsi dute gaur Zumaian Pello Osoro eibartarrak eta Usoa Ostolaza zarauztarrak. Biak ala biak denboraldi bikaina ari dira osatzen eta boladari eutsi diote Zumaiako Triatloian. Emakumeen proba nagusitasun handiz irabazi du Usoa Ostolazak, bizikletako proban zuloa egin eta korrikako saioan ere maila goreneko triatleta dela erakutsiz. Edonork ez du lortzen brontzezko domina Munduko Txapelketan. Maddi Marquetek eta Mireia Arrillagak osatu dute podiuma. Munduko Txapelketan egindako ahaleginaz garaiz osatuko ote zen kezka zuen Ostolazak helmugan aitortu duenez, baina ondo ikusi du bere burua: "Aste honetan nekea igarri dut, normala denez, baina gaur indartsu ikusi dut nire burua eta oso pozik nago Zumaian lortutako garaipenarekin".

Pello Osorok, berriz, azken uneraino estutu behar izan ditu hortzak, iazko irabazle Ioanes Goitisolok ez baitu amaitu arte amore eman. Bizikletako saioan saiatu da lehenbizikoz Osoro hanka egiten, baina hamar bat txirrindularik osatutako taldeak ez dio aukerarik eman. Taldetxoa iritsi da lasterketa buruan korrikako probara eta orduan erabaki du eibartarrak berriro kolpea jotzea. Tartea ireki du, baina handik helmugara ez du pausoa lasaitzeko betarik izan. Goitisolo izan da bigarren eta Iñaki Loinaz hirugarren. Osoro ere oso pozik azaldu da lortutako garaipenarekin: "Zumaiako Triatloia ez da niretzat egokiena eta horregatik oso pozik nago irabaztea lortu dudalako".

Bestalde, Zumaiako Triatloi Taldeko lehendakari Joseba Amilibia gustura agertu da aurtengo triatloiak eman duenarekin. "Askoz gehiago ezin dugu eskatu. Jarrai dezala lan talde honek gogo honekin lanean hurrengo urteotan ere. Eskerrak eman nahi dizkiet triatloia antolatzen lagundu duten guztiei".