Olarro Eguneko bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko

Baleike 2019ko ira. 13a, 10:25

Irailaren 21ean, larunbatean, ospatuko da aurten Zumaiako Olarro Eguna. Goizean goizetik hasita, batel estropadak, bazkari herrikoia, argazki rallya, olagarro brotxeta postuak eta beste hainbat ekintza izango dira egun osoan zehar.

Gaurtik aurrera Turismo Bulegoan salgai egongo dira Olarro Eguneko bazkari herrikoiko txartelak, kamisetak eta zapiak. Bazkari herrikoiko txartelen prezioa 8 eurokoa da helduentzat; eta 5 eurokoa haurrentzat. Kamisetek 8 euro balio dute, eta zapiek euro bat.

Olarro Eguneko XV. Argazki Rallya

Distira elkarteak eta Zumaiako Udalak elkarlanean antolatu dute aurtengo Argazki Rallya. Profesionala ez den edozein zalek parte hartu ahal izango du eta izen ematea Alondegia Kultur Etxeko Oxford aretoan izango da, irailaren 21ean bertan, goizeko 9:00etatik 10:00etara. Gaia bakarra izango da, Olarro Eguna, eta puntuaketan bat-batekotasuna, sormena eta teknika balioetsiko dira.

Argazki Rallyaren inguruko informazio eta baldintza guztiak hemen irakurri daitezke.

Olarro Eguneko egitaraua

Goiz partean XV. ARGAZKI RALLYA. Izen-ematea 09:00etatik 10:00etara, Alondegiko Oxford aretoan.

10:30etik 14:30era Erribera kalean, Elikagaien azoka.

10:30ean hasita HAUR ETA GAZTETXOENTZAT JOLASAK, Itxas-Gain elkarteak antolatuta. Arranpla parean, piraguak eta uretako jolasak; eta Gernika parkean, zinta harrapatzea bizikletan, eltzetxoak puskatzea, etab.

11:00etan kuadrillen arteko batel estropada, OLARRO EGUNEKO XIII. BANDERA, Telmo Deun arraun elkarteak antolatuta.

11:00etatik 13:00etara, Eusebio Gurrutxaga plazan, olagarroarekin egindako SUKALDARITZA ERAKUSTALDIA.

Goiz partean, Olagarro zopa eta BROTXETAK txosnetan.

11:00etan, Flyscheko olagarroa BISITA GIDATUA. Erreserbak: www.geoparkea.eus.

11:00etatik 13:00etara, Algorri interpretazio zentroan 6-12 urte bitarteko haurrentzat doako TAILERRAK.

11:00etatik 14:00etara ATEA ZABALIK Kofradian, arrainen salmenta aretoa ikusteko.

11:15ean hamaiketakoa Pulpo elkartean olagarro-harrapatzaile izandakoentzat.

11.30ean herriko txistularien KALEJIRA eta PLAZA DANTZAK Astindu taldearekin.

12:15ean Beheko Plaza eta Markinako Xemein ABESBATZEN SAIOAK herrian zehar.

13:00etan KALEJIRA Zutrik trikitilarien eskutik.

14:30ean HERRI BAZKARIA, Eusebio Gurrutxaga plazan.

17:00etatik 19:00etara ATEA ZABALIK Kofradian, arrainen salmenta aretoa ikusteko.

Arratsaldez, OLAGARRO BROTXETAK txosnetan.

18:30etan Argazki Rallyko PROIEKZIOA eta SARI BANAKETA Alondegiko Oxford aretoan.

19:30etan Olarro eguneko XIII. Bandera emango zaie batel estropadako irabazleei.

Jarraian, Kofradian Orots taldearen lehen MUSIKA SAIOA.

22:00etan DJ Goiko eta DJ Uranga Eusebio Gurrutxaga plazako karpan.

22:30ean Kofradian ERROMERIA Orots taldearekin.