Cosme Agirre zumaiarrak jokatuko du gaur Aitzurin, Zumaia Jai Alai txapelketako jardunaldian

Baleike 2019ko ira. 13a, 09:27

Zumaia Jai Alai zesta punta txapelketako final laurdenetako bigarren jardunaldia jokatuko dute gaur, Aitzuri frontoian. 22:00etan hasiko da pilota jaialdia, eta jokatuko dutenen artean Cosme Agirre zumaiarra izango da. 

Cosmek Etxetorekin osatuko du gaur bikotea. Aurkariak Laduche eta Basque Iparraldeko puntistak izango dituzte. Zesta Puntako etorkizuna izan daitezkeen hiru pilotari kantxaratuko dira gaur Aitzuri frontoian. Agirrek bere onena eman nahiko du herritarren aurrean. Dagoeneko esperientzia handia duen Nicolas Etxeto izango du atzeko koadroetan gidatze lanetan. Laduchek eta Basquek, berriz, udako denboraldi ona egin dute, eta egun ona badute edozeini irabazteko gai dira.

Gaurko final laurdena irabazten duen bikoteak Iñaki Osa Goikoetxea eta Eric Irastorza izango ditu aurkari datorren ostiralean jokatuko den finalerdian. Beste finalaurrekoan Olharan-Minvielle eta Egiguren-Lopez bikoteak neurtuko dira.

Profesional mailako partidaren aurretik afizionatu mailako norgehiagoka eskainiko dute Zumaiako eta Donostiako puntistek.

Gaurko jaialdirako sarrerak 10 euroan izango dira salgai Aitzuriko leihatilan.