600 triatletak hartuko dute parte bihar Zumaian jokatuko diren bi probetan

Baleike 2019ko ira. 13a, 09:07

Kirol jarduerez beteko da berriro ere herria. Zumaiako Triatloia jokatuko dute bihar. Sprint modalitateko 13. triatloia izango da aurtengoa, eta zortzigarrena herrikoia. Bietan ere lekuak beteta daude aspalditik.

600 triatleta inguru bilduko dira bihar arratsaldean Arranpla eta Moilaberri inguruan. Ez da izango azken unean izena emateko aukerarik; dortsalak orain bizpahiru hilabete agortu zirelako. Herrikoirakoak agortu ziren lehenbizi, eta sprint mailakoak ondoren. Arrakasta honek lasaitasuna eman die Zumaiako Triatloi Taldeko antolatzaileei.

Proba herrikoia izango da jokatzen lehena. 15:30ean abiatuko dira 200 kirolariak Arranplatik. 350 metro egingo dituzte igerian, 10 kilometro bizikletan eta azken 2,5 kilometro korrika. Jarraian, 17:00etan, Sprint modalitatekoa jokatuko dute. 400 kirolarik eman dute izena eta 750 metro egingo dituzte igerian, 20 kilometro bizikletan eta 5 kilometro korrika.

Zumaiako Triatloiak aro desberdinak bizi izan ditu. 1995tik 1999ra bitartean Azkoitiko Triatloiko uretako saioa egin zuten Zumaian. Hutsune baten ondoren, 2004an jokatu zuten Zumaiako lehen triatloia, 2008ra arte iraun zuena. Hor etenaldia izan zen, krisialdia eta bestelako arrazoi batzuk tarteko. 2012an hasi zuen Zumaiako Triatloiak aro berria. Andoni Agirre buru zuen Triatloi Taldeko zuzendaritzak hartu zuen kirol probaren gidaritza.Urte horretan hasi ziren proba herrikoia ere antolatzen.

Trafikoan eragina

Triatloiak izango du eragina Zumaiako leku batzuetako trafikoan. 15:15etik 18:30era bitartean, trafikoarentzat itxita egongo dira Kantauri plazaren atzeko errepidea eta Mendaro Marinela kalea. Kantauri plazako garajeetara Turismo Bulegoaren ondotik sartu eta irten beharko da.

Trafikoak martxan jarrai dezan, herri mailan trafiko desbideraketak izango dira probak irauten duen bitartean.