Aparkamenduen erregulazio sistemaren udako aldia irailaren 15ean amaituko da

Baleike 2019ko ira. 11a, 13:26

Hondartza denboraldiaren amaierarekin batera, irailaren 15ean bukatutzat emango du Zumaiako Udalak aparkamenduen erregulazioko udako aldia. Salbuespenak izango direla ere gaineratu dute Udaletik.

Iaz bezala, salbuespenak egongo dira eta urte osoan zehar erregulatuta jarraituko duten guneak egongo dira: Ardantzabide kalean egoiliarren eremua mantenduko da, eta hainbat gunetan errotazio handiko eremuen sistema aplikatuko da.

Sistema ekainaren 15etik aurrera egon da indarrean, eta hiru hilabeteren ostean, astelehenetik aurrera, herriko egoiliar guneak edota errotazio altu zein TAO eremuak ez dira indarrean egongo. Dena den, iaz bezala, salbuespenak egongo dira eta urte osoan zehar erregulatuta jarraituko duten guneak egongo dira (hemen ikusi daitezke zehaztapen guztiak).

Udalak aldaketa baten berri eman du: orain artean IPARK enpresaren esku zegoen TAO zerbitzuaren kudeaketa, baina hurrengo urteetan EYSA enpresak kudeatuko du Zumaiako OTA zerbitzua. Aldaketa hori dela eta, irailaren 16an errotazio handiko hiru makinak aldatuko dira. Aldaketa horrekin, ordainketa app bidez egin ahal izango da.

Bestalde, egoiliar txartelak gordetzeko eskatu du Udalak, hurrengo urtean erabilgarria izango delako.