San Josek igogailua izango du, baina irisgarritasun arazoek kezkak piztu dituzte auzokideen artean

San Jose kaleko igogailuaren inguruko bilera egin zuen atzo Zumaiako Udalak auzoko bizilagunekin. Igogailuaren etorkizuneko funtzionamenduaz hitz egin zuten. Auzokideek, berriz, azpiegituraren ondorioz auzoan sortu diren irisgarritasun arazoak salatu zituzten. 

San Joseko eta Odietako auzokide ugari bertaratu ziren Beheko Plazako gizarte zentroko aretoan egindako bilerara. Iñaki Ostolaza alkateak, eta Maider Alberdi, Alex Oliden eta Joxe Mari Azkue zinegotziek ordezkatu zuten Udala. Hasteko, lanak beste hilabete atzeratuko zirela azaldu zuen alkateak. "Irailaren 30ean bukatuko dituzte, Altuna y Uria enpresak esan digunez". 

Genero aldetik puntu beltz bat sumatu dutela azaldu zuten alkateak eta Maider Alberdi berdintasun zinegotziak, Arrua kaletik duen sarreran, hain zuzen ere. "Kezka sortu digu eta bizilagunen iritzia eskatzen dugu", azaldu zuten udal ordezkariek. Mekanismo desberdinak aztertu dituztela adierazi zuten. Batetik, ispiluak jartzea tunelaren sarreran, eta bestetik tuneleko led argiak kaleko argiteriarekin batera piztea. Tunelaren sarreran ate bat jartzea proposatu zieten udal ordezkariek bizilagunei. Ate hori egunez zabalik egongo litzateke, eta gauez txartel bidez bakarrik zabalduko lukete. San Jose etxebizitza bakoitzean txartel kopuru bat banatuko litzatekeela adierazi zuten, gauez igogailua erabili ahal izateko. Neurri honen arabera, Zumaiako beste bizilagunek zein bisitariek ezingo lukete igogailua erabili gaueko ordu jakin batetik aurrera. 

Proposamen hau ondo hartu zuten bilerara gerturatu zirenek. Odietako etxebizitzetan bizi den gazte batek esan zuenez "atea jartzea ondo dago. Dagoeneko arazo bat da zulo batean dagoelako. Bestalde, festa egun bakoitzean tunel hori pixalekua bihurtzen da. Karpak plazan egongo dira, baina txiza egitera hona etortzen dira". Ate horren inguruko azterketa abian jarriko zutela azaldu zuen Ostolazak.

Tunelean kamera bat jartzeko aukerarik badagoen galdetu zuen beste bizilagun batek. "Kamera batekin identifikazioa lortu dezakezu, baina hori ekintza gertatu ondoren; unean bertan ez du balio", erantzun zion alkateak. 

Genero gaiekin lotuta, bizilagunek beraiek beste puntu beltz bat sumatu zutela informatu zuten: Odietako plazatxotik Ubillosera eramaten duen aldapan jarri duten aparkalekuan, alegia. Leku horretan zer egin aztertzekotan geratu ziren udal ordezkariak.

Bizilagunen kexak

Bizilagunek izan zuten beraien kezken eta arduren berri emateko aukera. Hala, igogailuaren proiektuak izandako aldaketak salatu zituzten. "Oso zail duzue. Obra hau inorekin kontatu gabe egin dute eta orain zuek jaso duzue oinordetzan. Traba arkitektonikoak jarri dituzte. Auzokideek ideiak eman ditugu, baina kasurik ez digute egin", zioen bizilagunetako batek. "Barrera gehiago jarri dituzte, eta irisgarritasunak okerrera egin du. Orain 50 urte bezala gaude", gaineratu zuen. 

San Joseko goiko blokeetako auzokideek –26, 27 eta 28 ataritakoek– pairatzen duten arazoak azaldu zituen beste bizilagun batek. Igogailua San Juan Egoitzaren kotaraino igotzen da, eta aipatutako atarietara jaisteko eskailerak edo arrapalak erabili beharko dituzte orain. "Lehen lortu zen egoera hobetzea, baina igogailuaren proiektu aldaketarekin okerrera egin du. 11 hilabete igaro dira, proiektua aldatu dute, eta auzokideekin ez dute bilera bat bera ere egin", salatu zuen bizilagun honek. 

"Obra faraoniko honen lanak" hasieratik gaizki egin zituztela salatu zuen auzokide batek. "Kotak ez zituzten hasieratik kontutan hartu. Auzokideek lehen eskailerak igo behar zituzten, eta obren ondoren bi aldiz eskailera gehiago dituzte".

Auzokideekin berriro biltzekotan geratu ziren udal ordezkariak, ea zer hobetu dezaketen aztertzeko.