Hegaleko onenaren saria jaso du Kauldi Odriozolak

Baleike 2019ko ira. 4a, 09:06
Argazkia: @CDBidasoaIrun

Irungo Bidasoa eskubaloi taldearentzat sekulako denboraldia izan zen 2018-2019koa. Bigarren amaitu zuen Asobal ligan, eta Europarako txartela eskuratu zuen. Emaitza horretan garrantzia izan zuen Kauldi Odriozola zumaiarrak egindako lanak, eta hala aitortu zuen Asobal liga berak: denboraldiko zazpiko onenean sartu zuen. 

Asobal ligako gala egin zuten atzo Cuencan, eta denboraldi berria aurkezteaz gain, aurreko ligako sariak ere banatu zituzten. Zazpiko horretako eskuin hegal onenaren saria jaso zuen Kauldik. Saria bere kideen laguntzari esker lortu zuela adierazi zuen zumaiarrak, "denboraldi oso ona egin genuelako. Ea Asobal ligan gauzak errepikatu ditzakegun. Europan, berriz, lehiatzera eta disfrutatzera aterako gara".