Nagore Garciarekin elkartasunez, jarduera ugari antolatu du Nagore Zumaian dinamikak larunbaterako

Baleike 2019ko ira. 3a, 13:10
Nagore Zumaian dinamikak uztailean antolatutako kontzertuak, kofradian. (Argazkia: Baleike.eus)

11/13 auziko epaiketaren atarian, Nagore Garciari elkartasuna adierazteko egun osoko egitaraua antolatu dute Nagore Zumaian dinamikako kideek. Aldarrikapenerako eguna izango da, baina epaiketako gastuei aurre egiteko dirua lortzeko baliatuko dute. 

Irailaren 16an hasiko da Audientza Nazionalean Nagore Garcia eta presoen babes taldeetako beste 46 euskal herritarren aurkako epaiketa. Fiskalak 13 urte eta 6 hilabeteko espetxeratzea eskatu du Garciarentzat, talde terroristako kide izatea eta terrorismoa goratzea leporatuta.

Epaiketaren atarian, Garciari elkartasuna adierazi eta epaiketako gastuei aurre egiteko —350.00 euro inguru ordaindu beharko dituzte, 7.500 euro auziperatu bakoitzak—, ekimen ugari antolatu du Nagore Zumaian taldeak ekainetik hona. Larunbaterako, hilak 7, egun osoko egitaraua antolatu dute: 9:30etik aurrera, Boleibol txapelketa jokatuko dute Santiago hondartzan. Ondoren, 12:00etan hasita, itxas-jaitsieran iritsiko dira arranplara, batelak, padelak edota koltxonetak erabiliz. Bazkal aurretik, 13:30ean, mobilizazio zaratatsua egingo dute arranplatik hasita, joaldunekin batera. Kofradian elkartuko dira 14:00etan bazkari herrikoian, eta, azkenik, kontzertuekin borobilduko dute eguna. 

Boleibol txapelketan parte hartzeko, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, Metron edo Inpernupen. Bazkari herrikoiko txartelak ere bi taberna horietan salduko dituzte. 

Elkartasun zozketa
Epaiketako gastuei aurre egiteko herriko merkatarien produktu eta zerbitzuekin osatutako zozketa erraldoia egingo dute larunbatean. Menuak, kontsumo bonoak, produktuekin osatutako otarrak... Inpernupen, Taosan, Metron, Itzurunen eta Ilargin jarri dituzte salgai zozketan parte hartzeko txartelak.