'Agur, Etxebeste' Donostiako Zinemaldian estreinatuko dute

Baleike 2019ko abu. 31a, 17:30

Euskal zinemaren Irizar Sarirako lehiatuko da 'Agur, Etxebeste', beste zortzi filmekin batera. 

21 euskal ekoizpen izango dira Donostiako 67. Zinemaldian: hamazazpi film luze, film ertain bat eta hiru film labur. Euskal zinemaren galan estreinatuko dute — irailaren 24an — Elena Irureta aktore zumaiarrak parte hartu duen Agur, Etxebeste lana. Beste bederatzi filmekin batera, Irizar saria eskuratzeko lehian izango da.

Laburpena: Patrizio Etxebestek alkatetza utzi beharko du osasun-arazoak direla eta. Gutxik dakite benetako zergatia, ordea: inguruko herrietan argitara atera diren ustelkeria-eskandaluek pentsarazi diote hurrena bera eror daitekeela. Eta nor hobe bera ordezkatzeko eta kontrolari eusteko, Maria Luisa emaztea baino. Baina guztia ez da lehen bezain erraza izango. Emakume loreontziak apaingarri hutsa izatea baztertuko du, eta ekinean hasiko da. Gizon kontrolatzaileak ez du kontrolatzen berak uste edo nahi beste, eta egokitu beharko du, aurrera egin. Krisi orok tirabirak eta arazoak dakartza, familiakoa, politikoa nahiz soziala izan. Baina aldaketak eta abagune handiak ere sortzen ditu. Aupa Etxebeste! (2005) filmaren sekuela. Antzezleak dira: Ramon Agirre, Elena Irureta, Paco Sagarzazu eta Iban Garate.