Iñigo Peña Olinpiar Jokoetan

Iñigo Peña: "Datorren urtean etorriko da etorri beharrekoa"

Baleike 2019ko abu. 31a, 11:01

Francisco Cubelosekin batera zilarrezko domina irabazi zuen joan den igandean Peñak, k2 1.000 metroko proban. Herritarrek eta Itxas-Gaineko kirolariek harrera egin zioten atzo piraguistari. 

Beheko plazatik abiatu, Erribera kalea zeharkatu eta kofradiako balkoian herritarren harrera beroa jaso zuen atzo Iñigo Peña piraguistak. Joan den igandean Francisco Cubelosekin batera zilarrezko domina lortu zuen k2an 1.000 metroko proban, Espainiako selekzioak Tokioko joko olinpikoetarako txartela eskuratzeaz gain.

Urduri egon arren, garaipena denen artean ospatzea poztekoa dela aitortu zuen Peñak. Tokioko olinpiar jokoetarako urtebete geratzen dela gogoratu eta "bide luzea" geratzen zaiola uste du piraguistak: "Momentu honetan hau gozatu behar dugu, munduko azpitxapelduna izatea. Datorren urtean etorriko da etorri beharrekoa". 

Alemaniarrek irabazi zuten munduko txapelketa, baina litekeena da Peña Tokion urrezko dominaren borrokan egotea. Azken bi urteotan lortu dute zilarrezkoa, eta emaitza horiek ikusita, "aukera handiak" dituztela uste du.

Peñak berak lortu du Espainiar selekzioa Tokion izatea, baina ez dago erabat ziurtatuta bera bertan izango den ala ez. Hain zuzen ere, federazioaren esku dago kirolarien aukeraketa. "Aukerak ditugu dominak lortzeko, eta beraz, ezer arrarorik gertatzen ez bada, bertan izango garela uste dut", azaldu zuen Peñak. 

Itxas-Gainentzat esker hitzak izan zituen: "Eskerrak eman nahi dizkiet klub osoari eta Anadelia eta Marijori, erakutsi didatenagatik. Haiekin batera, nire aurretik pasa diren kide guztiek erakutsi ziguten bidea".