Adierazpen askatasunaren txokoa inauguratu du Kalea Guztiona Dak

Baleike 2019ko abu. 30a, 13:15

Kalea Guztiona Dak adierazpen askatasunaren txoko izendatu zuen atzo Erribera kaleko pareta. Txiki Agirre 'Keixeta'-ren zeramikazko piezarekin atondu zuten murala, Dj Saldak iluntzea girotu bitartean.

Azken hiru urteotako adierazpen askatasunaren aldeko borrokaren ondoren, jai txiki baten bitartez, adierazpen askatasunaren txoko izendatu zuten atzo Erribera kaleko pareta. Txiki Agirre Keixeta-k ondutako zeramikazko pieza bat ezarri zuten 98 mural egin dituzten txokoan, Dj Saldaren saioak iluntzea girotu bitartean. Urteotako borroka oroimenean gelditzea nahi dute Kalea Guztiona Dako kideek.

Azaldu dutenez, duela gutxi bildu dira udal gobernuko kideekin. Ekimen zehatz honen esanahia azaltzeaz gain, etorkizuneko asmoez aritu ziren bilkura horretan. Udal gobernuaren jarrera "positiboa eta ona" izan dela uste dute, eta hartu eman horretatik "itxaropentsu" atera dira. 

Adierazpen pertsonalen zein sare sozialen bitartez lortu duen zabalpena "sorpresa atsegina" izan da, Kalea Guztiona Dako kideek diotenez. Eremu ezberdinetatik jaso dituzten mezuak beren borrokaren aldekoak izan direla eta, pozik agertu dira. "Txoko batean hasten den zerbaitek proiekzio nabaria hartu du. Oro har, ekimen hau ondo hartua izan dela eta adierazpen ezberdinak modu aske batean plazaratzeko bideak ireki dituela uste dugu".