Telmo Deun Kontxan izango da lau urte ondoren

Baleike 2019ko abu. 29a, 18:58
Argazkia: Intza Unanue

Zumaiako emakumezkoen trainerua Kontxako estropadetara sailkatu da. Laugarren izan da gaur arratsaldean jokatutako sailkatze estropadan eta, ondorioz, iraileko lehen bi igandetan jokatuko den Kontxako banderan izango da. 

2015ean lehiatu zuen Zumaiak azken aldiz Kontxako bandera. Denborada haren amaieran lehorreratu zuen Telmo Deun arraun elkarteak trainerua, eta ondorengo hiru urtetan ez zen Zumaiako ordezkaritzarik izan Donostian. Etenaldi horren ondoren, aurten uretaratu du Zumaiak trainerua berriro, eta emaitza ezustekoa izan da, txapela kentzekoa: bost bandera ETE ligan, bigarren ligako sailkapen orokorrean eta Euskotren ligara igotzeko play offerako txartela ere eskuratu du (estropada hauek irailaren 14an eta 15ean jokatuko dira). 

Kontxako banderan izateko faboritoen artean zegoen Zumaia, baina edozer gauza gerta daiteke. Donostiarra sailkatuta zegoen aldez aurretik, eta beste zazpi lekuak zeuden gaur jokoan. Haien bila 20 traineru. Ligako azken estropadetan izandako emaitzek piztutako beldurrak uxatu ditu gaur Kike Manterolak zuzendutako taldeak. 

Zumaia ziztu bizian atera da eta ederki aritu da Donostiako itsaso mugituan. Ziabogan laugarren izan da 5:45 denborarekin. Orio, Arraun Lagunak eta Hibaika izan ditu lan erditan aurretik, eta postuak mantendu egin dira itzulerakoan ere. Espero bezala, Orio, aurtengo Kontxa irabazteko faboritoa eta Euskotren ligako irabazlea, izan da azkarrena, 11:12,92 denborarekin. Bigarren Arraun Lagunak izan da (11:31,06), hirugarren Hibaika (11:35,02) eta laugarren Zumaia (11:38,64). Euskotren ligan aritu den Hondarribia izan da bosgarren (11:42,72), seigarren San Juan (11:42,88) eta zazpigarren Riveira galiziarrak (11:45,10).

Beste behin ere Donostia gorriz janzteko aukera eman dute Telmo Deuneko emakumeek. 

Mutilak 19.

Gizonezkoei dagokionez, Zumaiak denboraldiko azken estropada jokatu du. 19. izan dira Xabier Zulaikak entrenatutako mutilak parte hartu duten 23 ontzien artean. Orain ondo merezitako atsedena izango dute. 

Gizonezkoetan sorpresa Ondarroak eman du. 23 urte ondoren Kontxan izango da berriro. Bere atzetik Orio, Santurtzi, Hondarribia, Bermeo, Kaiku eta Zierbena sailkatu dira. Zazpi ontzi hauek eta Donostiarra izango dira lehian datozen bi igandetan.