Dinastia Etxabeko finalak jokatuko dituzte gaur Aitzurin

Baleike 2019ko abu. 29a, 11:13
Iazko txapelketako omenaldiko une bat.

Gaur amaituko da 48. Dinastia Etxabe pilota txapelketa. 22:00etatik aurrera jokoan izan diren bi kategoriatako finalak jokatuko dituzte Aitzuri pilotalekuan. 

Gazte mailan Larrazabal eta Agirre, Gutierrez eta Morgaetxebarriaren aurka neurtuko dira. 23 urtez azpikoen mailan, berriz, Canabal eta Arbizu, Salaberria eta Altuzarraren aurka. 

Salaberria pilotari goizuetarrarengan egongo dira jarrita pilotazale askoren begiradak. Aste honetan bertan jakin da azarotik aurrera profesionaletan arituko dela, Aspe enpresarekin. Zumaian maite duten pilotaria da Salaberria. Lauzpabost aldiz jokatu du Dinastia Etxabe txapelketa, gazte mailatik hasita, eta dagoeneko hiru txapel jantzi ditu. Gaurkoa laugarrena izan daiteke. 

Omenaldiek ere bere tartea izango dute gaurko jardunaldian. Alde batetik, Zumaiako pilota elkartearen alde lan egin duten zortzi pilotari ohi omenduko dituzte: Jose Mari Zubimendi, Jose Agustin Azpeitia, Cosme Iraundegi, Jose Ramon Zubia 'Txomin', Jose Mari Larrañaga 'Txortena', Inaxio Lopetegi, Iñaki Alzibar eta Agustin Atorrasagasti.

Bi partiden artean aurten erretiroa hartu duen Iñaki Elorza 'Txapas' kazetaria ere omenduko dute.