Igandean zabalduko dute Olarro Eguneko batel estropadetan izena emateko epea

Baleike 2019ko abu. 28a, 17:00

Urtero bezala, Olarro Egunez, koadrilen arteko batel estropada jokatuko da. Izena emateko prozeduraren berri eman dute: Turismo Bulegora jo beharko da horretarako, irailaren 1etik 15era bitarte.

Udalak zabaldu du dagoeneko Olarro Egunean jokatuko den estropadarako izen-ematea. Irailaren 21ean ospatuko da aurten, eta, mareak direla eta, 11:00etatik 13:30era jokatuko da koadrilen arteko batel estropada. Irailaren 1etik 15era arte eman daiteke izena, biak barne, Turismo Bulegoan. Probaren xehetasunen berri ere eman dute.

Itsas kiroldegitik irten beharko dute parte hartzaileek, eta Txomin Agirre kaiara jo ondoren itzuliko dira berriz ere abiapuntura. Taldeak 13 urtetik gorako lau pertsonez osatutakoak izan beharko dute, eta, Udaletik azaldu dutenez, bandera irabazteko beharrezkoa izango da lau horietatik bi zumaiarrak izatea. 

Sailkapen bakoitzean denbora onena egin duten bi taldeek jokatuko dute finala. Sari banaketa arratsaldean izango da kofradian, eta, ohiko banderaz gain, emakumeen partaidetza saritzeko bandera bat ere izango da. Estropadaren egunean itsas kiroldegiko aldagelak erabilgarri izango dira parte hartzaileentzat. 

Batel estropadarako entrenamenduak errazteko, Lasuna batela erabiltzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Horretarako, Turismo Bulegoan egin behar da eskaera, izena eman ondoren. Batela zein arraunak zaintzeko ardura taldearena izango da, eta ardura desegokiren bat izanez gero, taldeak ezin izango du estropadan parte hartu.