Sanbartolomeak 2019

San Fergustin egunarekin amaituko dituzte festak Oikian

San Fergustin eguna ospatuaz emango diote amaiera San Bartolome jaiei Oikian. Gauera arte luzatuko dira ekitaldiak.

Haurrak izan ziren atzo protagonistak Oikiako jaietan. Aurpegia margotzeko aukera izan zuten, eta baita jolasean aritzekoa ere. Goitibeherak ere izan zituzten eta, herri bazkariaren ondoren, puzgailuak eta txokolatada.

Gaur San Fergustin eguna ospatuko dute Oikian, sanbartolomeen azken egunean. Mezaren ondoren prozesioa, txupinazoa, ezpata dantza eta entzierroa izango dute herrian. Osto eta Ale arituko dira giroa alaitzen.

Herri bazkariaren ondoren, pilota partidak izango dituzte frontoian, 17:00etan, eta 18:30ean hasita bertso erronka Getaria eta Oikiaren artean. 22:30ean Fan & Go taldearekin erromeria izango da, eta gauerdian su artifizialak Eskubeltz pirotekniaren eskutik. Amaieran 'probedenia' izango dute. 

Argazkiak: Eire Salegi.