Munduko txapelketako finalera sailkatu da Iñigo Peña

Baleike 2019ko abu. 24a, 16:33

2020ko Tokioko joko olinpikoetan egoteko beste urrats bat eman dute gaur Iñigo Peñak eta Francisco Cubelosek. Hungariako Szeged herrian jokatzen ari den Munduko txapelketako finalera sailkatu dira k2 1.000 metroan, eta olinpiadetarako txartelen borrokan izango dira. 

K2 1.000 metroko finalaurrekoetako hiru txanda jokatu dira, eta txanda bakoitzetik hiru ontzi sailkatu dira final handira. Bigarren txandan aritu dira Espainiako selekzioko ordezkariak. Estropada ondo kontrolatu dute Peñak eta Cubelosek. Hirugarren postuan joan dira partzial denetan, hirugarrengoan ezik –hor laugarren pasa dira–. Azken 250 metrotan hortzak estutu dituzte eta hirugarren postuan amaitu dute estropada, Txekiar Errepublikako eta Lituaniako ontzien atzetik. 

Finala bihar eguerdiko 12:00etan jokatuko dute. Hungaria, Australia, Lituania, Italia, Txekiar Errepublika, Alemania, Frantzia eta Errusia izango dituzte. Munduko txapelketako dominen borrokan sartu baino, 2020ko joko olinpikoetarako txartela dute helburu oraingoan Peñak eta Cubelosek. Lehen sei ontziek lortuko dute postua, eta hiru kanpoan geratuko dira. Sei horien artean sartzeko borrokan arituko da bikoa.