Finalaurrekoetara sailkatu dira Peña eta Cubelos

Baleike 2019ko abu. 23a, 13:45

Hungariako Szeged hirian jokatzen ari diren Munduko piraguismo txapelketako lehen hitzordua izan dute gaur goizean Iñigo Peñak eta Francisco Cubelosek. Finalaurrekoetan izateko sailkatze estropada jokatu dute gaur. 

Urteko, edo azken urteotako hitzordu garrantzitsuenaren aurrean dira Peña eta Cubelos. Izan ere, Munduko txapelketako dominak banatzeaz gain, datorren urtean Tokion jokatuko diren Joko Olinpikoetarako txartelak ere Hungariako txapelketa honetan emango dituzte. 

Txapelketako lehen proba izan dute Peñak eta Cubelosek gaur k2 1.000 metro distantzian. Bihar bazkalondoren jokatuko diren finalaurrekoetan izateko sailkatze proba jokatu dut, hain zuzen ere.

Laugarren txandan aritu dira Espainiako selekzioko ordezkariak. Txanda bakoitzeko lehen bostak sailkatzen ziren finalaurrekoetara. Kontrolpean izan dute estropada. Hirugarren eta laugarren postuetan ibili dira estropada osoan zehar, eta hala heldu dira helmuga puntura, laugarren postuan. Serbiako ontzia izan da azkarrena, Zeelanda Berria bigarren eta Belgika hirugarren. 

Finalaurrekoak bihar jokatuko dituzte, 15:30etik aurrera. Hiru txanda izango dira, eta txanda bakoitzeko lehen hiru selekzioak sailkatuko dira A finalera. Final horretan egotea izango da bihar Peñaren eta Cubelosen helburua.