Tokioko Jokoetan izateko lehen urratsa emango du bihar Iñigo Peñak

Baleike 2019ko abu. 22a, 20:23

Hungariako Szeged hirian jokatuko da aurten piraguismoko munduko txapelketa. Dominak banatuko dituzte, baina baita 2020an Tokion jokatuko diren Joko Olinpikoetarako txartelak ere. Txapelketa honetan da Iñigo Peña piraguista zumaiarra Paco Cubelosekin batera. Bideo honetan dioen bezala, Japoniarako txartela eskuratzea du helburu nagusia. 

Peña eta Cubelos Rioko jokoetan izan ziren 2016an, k2 1.000 metroko distantzian. Diploma olinpikoa lortu zuen han bikoak. Hiru urte geroago, Tokion datorren urteko udan egingo diren Jokoetan izateko borrokan dira Peña eta Cubelos. 

Urte honetakoa bakarrik ez, azken urteotako hitzordu garrantzitsuenaren aurrean da Peña Hungarian. Sentsazio oso onekin joan direla dio zumaiarrak elkarrizketa honetan. Denboraldiko planifikazio guztia txapelketa honetara begira egin dutela dio, eta momentu oso onean heltzen direla. Dominak baino, helburu nagusia lehen seiren artean sailkatzea dutela dio Peñak, horrek bermatuko dielako datorren urteko Jokoetan izatea. 

Bihar dute Peñak eta Cubelosek munduko txapelketako lehen proba, sailkatzeko estropada, alegia. Goizeko 9:50ean izango dute proba, eta txandako lehen bostak sailkatuko dira finalaurrekoetara.