Idoia Zubia: “Irakurleek zerbait ikastea ere nahi nuen, eta hor familia-konstelazioak sartu ditut”

Juan Luis Romatet 2019ko abu. 22a, 08:12

Testigo desaparecida izeneko liburua aurkeztuko du Idoia Zubia zumaiarrak gaur Alondegiko Oxford aretoan, 18:30ean. Ingalaterra eta Euskal Herria artean mugitzen den thrillerra da Zubiaren liburua.

Donostian jaiotako zumaiarra, lan kontuengatik Ingalaterran bizi da 2016tik. “Baina askotan etortzen naiz Zumaiara. Lan oso flexiblea dut, eta uda garaian opor nahiko luzeak hartzen ditut, eta horrek erraztasun nahiko handia ematen dit atzera eta aurrera ibiltzeko. Ahalik eta gehien etortzen saiatzen naiz”. Testigo desaparecida (Dauro, 2019) liburuak hilketa baten lekuko izan den emakume baten historia kontatzen du. Lekukoen babes programan sartuko dute, eta Ingalaterrako hiri batetik Euskal Herri baserri batean bizitzera pasako da. Naturarekin lotzen ikasiko du, eta bere familiako historiaren berri izango du familia-konstelazioen bidez. 

Lehen liburua duzu hau. Nola sortu da?

Gaztetatik pila bat irakurri izan dut, baina inoiz ez dut ezer idatzi, ez artikulurik ez ezer ere. Interna bezala egiten dut lan etxeetan, normalean oso helduak diren gaixoak zaintzen. Denbora libre asko izaten dut, eta horrenbeste irakurtzen dut ezin nituela hainbeste liburu erosi. Azkenean debaldekoak jaisten hasi nintzen, eta nire buruari galdetzen nion ea nork idazten zuen hain gaizki eta hainbeste akats ortografikorekin. Ahizpari behin esan nion irakurleari zerbait ikasteko aukera emango zion liburu bat idatziko nuela. Baina zertaz? Egun batean ahizpa eta biok hizketan geunden, eta ideia etorri zitzaidan. Hala idatzi dut liburu hau.

Aurretik ez duzu izan, orduan, idazteko zaletasunik?

Ez dut aurretik ezer idatzi. Eskolako literatura lehiaketetara ere ez nintzen aurkezten. Liburu hau idatzi ondoren konturatu naiz asko gustatzen zaidala mundu hau. Azken finean, nahi duzuna idazten duzu. Zerbait ez dakizunean galdetu egiten duzu, eta bidean asko ikasten da. Gustatzen zaidan beste zerbait da ez duela mugarik. 

Thriller bat idatzi duzu. Zergatik aukeratu duzu genero hau?

Batetik, halako liburu asko irakurri ditudalako. Ez nuen ezer erromantikoa egin nahi, eta zientzia fikziozkoak ez zaizkit gustatzen. Poliziakoak badu kateatzen zaituen zerbait. Azken finean denok jakin nahi izaten dugu pertsonaia bat nola edo nork hil duen. Baina tramarekin kateatu bakarrik ez, irakurleek zerbait ikastea ere nahi nuen, eta hor familia-konstelazioak sartu ditut. Askok entzun ez duten erremintak dira, eta askori ondo etorri zaizkie. Gero, liburu honek Euskal Herriko baloreak ere islatzen ditu.

Pertsonaia bezala, zu ere Ingalaterra eta Euskal Herria artean mugitzen zara.

Ez dut ezer pertsonalik sartu, baina liburuko neska honi gertatu zaizkion tankerako gauza batzuk ere gertatu zaizkit. Ez dut hilketarik ikusi, baina azaltzen ditudan toki batzuk oso etxekoak dira. Badaude, baita ere, kontatu dizkidaten sentimendu batzuk, guztiz asmatutakoak ez direnak. Beraz, erdia fikzioa da eta beste erdia ez. Lanaren erdia eginda nuen, entzun besterik ez nuen egin behar.

Emakumea da protagonista. Zer nolako emakumea da?

Gertatu zaizkion gauzak gertatu arte ez du jakin zenbateko indarra duen bere barruan. Tokiz aldatzeak konturatu arazten dio berak bere barruarekin duen kontzientzia, eta duen indarra. Eta inguruak ere laguntzen dio indar hori ateratzen. 

Dikotomia batzuk daude liburuan: Ingalaterra-Euskal Herria, hiria-natura...

Liburua idatzi duen lagun batek esan zidan baserri giro hori ez zuela ezagutzen. Baserriko ondorengo batek, berriz, esan zidan hori hala dela, bere amaren edo aitaren baserriko bizitza hala zela. Ingalaterrako hiri batetik etorri eta Euskal Herriko baserri batean sartzen da; batak bestearekiko ez du zer ikusirik, eta uste dut hori ondo islatzen dudala. Ez dut uste bata bestea baino hobeagoa denik; bakoitzak bere gauza onak eta ez hain onak ditu.

Familia-konstelazioak aipatu dituzu. Erraza egin zaizu horiek thriller baten barruan txertatzea?

Bai, izan ere, denok ditugu halako historiak. Askotan ez dakizu dituzunik ere. Familia-konstelazioek zazpi belaunaldi eramaten gaituzte atzera. Gerra dela, erasoak direla, alkoholarekin lotutako arazoak direla... Denok ditugu familiatan halako episodioren bat izan duen norbait. Erraza egin zait lagundu nauen emakumea oso egokia delako horretarako. Nahiz eta fikziozko istorio bat izan, behar izan dudan bakoitzean konstelazio bat egin dut. Iruditzen zait, baita ere, era errazean txertatu ditudala liburuan, irakurleak ulertu ditzan. Nahiz eta konstelazioen inguruan ezer entzun ez, zerbait geratzen zaizu, eta horrek intriga sortzen du. 

Ez da, beraz, ohiko thriller bat.

Hori ere badu. Baditu genero poliziakoko klabeak, baina desberdintzen duena konstelazioak dira. Nik, behintzat, ez dut inoiz irakurri konstelazioak sartzen dituen liburu poliziakorik. Konstelazioak dituen nobelak irakurri ditut, baina zer ikusirik ez zuten poliziakoekin.

Gaur duzu aurkezpena Oxforden. Zer espero duzu?

Uste baino harrera hobeagoa jasotzen ari naiz. Etxekoek irakurri dute eta, noski, jasotzen ditudan gauza batzuk oso etxekoak dira. Ez dira objektiboak. Irakurri duten nire lagunek ere diote ni entzutea bezala dela. Ezagutzen ez dudan jendearen mezuak ere jaso ditut, eta zioten bigarrenaren zain daudela. Oso harrera ona jasotzen ari naiz, eta horrekin oso pozik nago.

Bigarren libururik izango al da?

Bai, ari naiz dagoeneko lanean. % 20a idatzita daukat, eta lanera itzultzean jarraituko dut idazten. Pertsonaia bera da, baina gauzak asko aldatuko dira. Hainbeste gustatu zait mundu hau, hirugarren liburua ere buruan dudala. Ez du zer ikusirik izango honekin, erabat desberdina da. Ahal badut hemendik bizi nahi dut, hori da nire helburua.

Zer dira familia-konstelazioak?

Familia-konstelazioak dira, besteak beste, Idoia Zubiaren liburua berezi egiten dutenak. Baina zer dira konstelazio horiek. Ahizpak hartu du hitza. “Familia-konstelazioen ideia Alemanian sortu zuten. Konstelazio hitzarekin adierazten da kide bakoitzaren posizionamendua familia sistema batean. Sistema bakoitzean abantaila batzuk daude, eta jokatzeko era batzuk ere bai. Familia sistema hori ondo orekatuta ez badago, horrek kaltetzen gaitu gehien. Familia-konstelazioen bidez familia horretan dagoen subkontzientea lantzen da, zer gauza egiten ditugun konturatu gabe. Arau batzuk daude. Adibidez, kide bakoitzak du familiako kide izateko eskubidea. Norbait joaten bada edo bidaltzen bada, sistemak oreka galtzen du. Joan denaren lekua familiako beste kide batek hartzen du. Nola? Aurrekoak egindako gauzak errepikatuaz. Gauza gehiago ere baditu. Adibidez, familietan hierarkiak daude. Zein dira garrantzitsuagoak? Aurretik etorri zirenak, arbasoak. Horri garrantzia ematen zaio. Gaur egun gazteek gurasoekiko duten errespetu maila hori galtzen ari da. Hor ikusten dugu berriro oreka galtzen ari dela. Konturatu behar gara familietan arazoren bat badago, aurretik zerbait gertatu delako dela. Adibidez, historian zehar izandako gerrak edota borrokak azaldu egiten dira konstelazioetan”.