Portua garbi mantentzeko gomendioak ematen dituen panelak jarri dituzte moilan eta Talaipe parean

Baleike 2019ko abu. 21a, 18:51

Portuan garbi jokatuz zaindu itsasoa leloa duten bi panel jarri ditu azken egunotan EKPk (Euskadiko Kirol Portuak) Zumaiako bi lekutan, moilan eta Julio Beobide ibiltokiaren amaieran, Talaipe parean. 

"Portuan gertatzen diren hainbat jokabide ez dira zuzenak, uretara egiten diren isuriek eta botatzen diren hondakinek portuaren ingurunea kutsatzen dute, eta ondorioz, guztiona den itsasoa kaltetzen da", irakur daiteke panelaren alde batean. 

Beste aldean, zenbait iradokizun ematen dizkiete portuan doazen oinezkoei, eta baita amarratuta dauden itsasontzietako eta errioan zehar doazen ontzietako kideei. Hala, hondakinak edukiontzietara botatzea eskatzen da, eta baita ur zikinak biltzeko zerbitzua eskatzea ere, isuriak ekiditeko.