Lucia Lakarra: "Dantza bizitzeak egiten zaitu benetako dantzari"

Alba Cabrera Jauregi | Berria.eus 2019ko abu. 17a, 15:30
Jero Morales | EFE
'Antigona' interpretatuko du Musika Habamostaldian, Victor Ullate Balletarekin batera, gaur eta bihar, Kursaalean. Duela sei hilabete, konpainiako zuzendari artistikoaren kargua utzi zuen. Berria egunkariak Lakarrari egindako elkarrizketa ekarri dugu webgunera.

Hiru urte besterik ez zituela, Lucia Lakarrak (Zumaia, Gipuzkoa, 1975) ballet dantzari izan nahi zuela esaten zuen. Donostian eman zituen lehen pausoak, Menchu Medelen gidaritzapean, eta 15 urterekin Madrilera joan zen dantza egitera; geroztik, hainbat konpainiarekin aritu da nazioartean. 2018ko irailean, Madrilgo Victor Ullate Ballet konpainiako zuzendari artistiko izendatu zuten, baina otsailean kargua uztea erabaki zuen. Musika Hamabostaldiaren barruan, Antigona, Sofoklesen tragedia, dantzatuko du Kursaalean, gaur eta bihar, ballet konpainia berarekin.

Zertan datza interpretatuko duzun Antigona obra?
K.a. 441. urtean estreinatu arren, gaurkotasuna duen pieza bat da. Antigonaren istorioa kontatzen du; pertsonaiak kontzientziaren eta obedientziaren artean duen barne borroka da antzezlanaren oinarria. Haren izaerak, sinesmenek, pentsaerek eta balioek talka egiten dute garai hartan ezarritako arau sozialekin. Anaietako bat hil egiten da, baina ezin dute lurperatu, traidoretzat jotzen dute eta. Kontaketa horretatik abiatuta, Antigonak duen barne gatazka lantzen du obrak, eta horrek bere buruaz beste egitera bultzatzen du.Askotariko gaiak jorratzen dira ikuskizunean: legeak, boterea eta sinesmenak, besteak beste. Gaiek gaurkotasuna dute; izan ere, egunerokoan aurki ditzakegun auziak mahai gainean jartzen dira: legeen bidegabekeria, gizarteak zuzentzat eta okertzat jotzen dituen jarrerak eta ohiturak...

Grezia Klasikoan estreinatu zen obra. Nola lotzen da garai hartan idatzitako lan bat gaur egungo ikusle batekin?
Istorioak ez du garai zehatzik; eszenografia nahiko abstraktua da. Jantziek Grezia Klasikoan kokatzen dute kontakizuna, baina musika garaikidea da, hau da, ez da obra estreinatu zen garaikoa. Elementu guztiak bateratuta, atmosfera berezia sortzen da.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, jo Berria.eus-era.