Arranplan jaio eta botez bote 50 urte

Jabi Gonzalez Toston 2019ko abu. 17a, 09:47

Mende erdia bete du eskubaloiak Zumaian. 50 urte lehen taldea sortu zenetik. Club Deportivo Zumaia-Bombas Azcue izena hartu zuen lehen talde hark, eta ordutik hona erabat errotu da kirola herrian. Horren adibide garbia da azken denboraldian 18 talde izan dituela Pulpo Eskubaloi Klubak. Datorrenari begira bi gehiago izan ditzake, gainera. Jabi Gonzalez Tostonek uztaileko aldizkarirako landutako erreportajea ekarri dugu webgunera.

Jokatzeko modua edo teknika ez ezik, materiala (kotoizko manga luzeko kamisetekin eta larruzko baloi gogorrekin jokatzen zuten lehen) eta entrenatzeko eta partidak jokatzeko eremua ere zeharo ezberdina da orain. Arranplan, orduko Amaia Hotelaren aurrean, jokatzen zuten hasieran. Entrenatu, berriz, Odieta frontoian. Gaur egun, jokatu zein entrenatu, Lubaki kiroldegian egiten dute. Halaber, esan beharra dago, herrian gero eta eskubaloi talde gehiago izanik, espazio berrietara jo behar izaten dutela sarritan. Herri Eskolako gimnasiora, esaterako. Arranplatik kiroldegirako trantsizio horretan, Maria eta Jose Ikastetxeko (gaur egun Zumaiena ikastetxea) jolastokitik igaro ziren aurretik. Ikastetxean bertan jokatu eta entrenatzen ziren.

Zumaian eskubaloiaren hastapenetan, Clamades Blanco izan zen lehen taldeko entrenatzailea. Ramon Gurrutxaga, Acisclo Alberdi, Segundo Manterola, Jesus Mari Zaldunbide Ondarru, Juan Ramon Zearreta, Juan Mari Argoitia, Jose Angel Ansoalde, Ramon Izaga Frantxez, Jose Antonio Etxabe eta Santi Alkorta izan ziren jokalariak. Haietako batzuekin bildu ondoren, lehen talde hura nola osatu zuten azaldu digute. Ramon Gurrutxagaren esanetan, Miguel Aguado eta Manolo Bernal animatu ziren taldea sortzera. Jende bila hasi ziren eta Clamades Blanco batu zitzaien, eta haren atzetik gehiago. Hasierako entrenamenduetan jokalari gutxi ziren, baina pixkanaka jendea batu eta taldea osatzea lortu zuten. Ramon Gurrutxaga bera izan zen batu zenetako bat: “Orduan nik Zarautzen jokatzen nuen, baina Zumaian gero eta jende gehiago elkartu zela ikusita, herriko taldera mugitu nintzen”. Miguel Aguadok eta Manolo Bernalek jokalari bila aritu eta lehen entrenamenduetan parte hartu zuten, baina hilabete gutxira utzi zuten taldea, partidarik jokatu gabe.

Segundo Manterolak ere gogoan du bera nola hasi zen eskubaloian. Kuadrillako lagunekin pote batzuk hartzen ari zela, frontoian sartu eta baloi hotsak entzun zituen. Zalaparta hura zer zen ikustera gerturatu, eta begien aurrean zuenak nola harritu zuen kontatu digu: “Hiru lagun ikusi nituen baloiarekin jolasean, frontisean zegoen ate batera ari ziren baloia jaurtitzen, oso gertutik. Ziztu bizian ateratzen zen baloia, eta ate azpian zegoen atezaina zoratuta zegoela pentsatu nuen. Halere, ikusitakoak erakarri ninduen, eta handik gutxira hasi nintzen neu ere entrenatzen. Atezain amaitu nuen…”.

Behin taldea osatuta, lehiatu ahal izateko federatu beharra zegoen. Horretarako ezinbestekoa zen kirol elkarte baten izenean aritzea. Bi aukera zituzten, beraz: beraien elkartea sortzea edo ordurako bazegoen batera batzea. Zumaian kirol elkarte bakarra zegoen orduan: Club Deportivo Zumaia. Izatez, pilota elkartea zen, baina haiekin hitz egin ondoren, eskubaloi taldea haien izenean atera zuten. Babeslea ere berehala lortu zuten: Bombas Azcue. Horrek, materialaz gain, jokalarien fitxak ere ordaindu zituen. Bidaien gastua, aldiz, jokalarien esku geratu zen.

Partida jokatu aurreko prestaketak nola egiten zituzten ere kontatu digute. Igande eguerdietan jokatzen zuten, baina goizean elkartu behar izaten zuten lehenik joko eremua finkatzeko, lerroak markatu eta porteriak jartzeko. Horrez gain, Arranplan ziren bi garabietara igotzen ziren bertatik sareak zintzilikatzeko. Partida hasterako zizko eginda egoten ziren. Sareak jarri arren, baloiak berdin-berdin egiten zien ihes eta errioan amaitzen zuen. Baina bazuten konponbidea horretarako ere: salabardo luze batzuk zituzten prest baloia ahalik eta azkarren uretatik ateratzeko. Baloi bustiarekin jokatzea ez zen arazoa; ohituta zeuden. Izan ere, askotan jokatu behar izaten zuten euripean. Norgehiagoka amaituta, bertaratutako zaleei diru kutxa pasatzen zieten epaileari ordaindu ahal izateko. Jarraian, guztia desmuntatzen zuten. Partidaren prestaketa goizeko bederatzietan hasi eta arratsaldeko ordu biak aldera amaitzen zela gogoratzen du Juan Ramon Zearretak.

Lehen taldea jende gutxirekin hasi zuten; urtetik urtera, ordea, gero eta kide gehiago batu zitzaizkien. Berritasunak bultzatuta, Arranplako partidak ikustera jende andana gerturatzen zen, baita entrenamenduak ikustera ere. Gehienek ez zituzten arauak ezagutzen, ordea. Acisclo Alberdik jendeak “¡fuera de juego!” oihukatzen zuela dio.

Lehen talde jubenila eta Pulpo
Lehen urteetako jokalariak talde seniorrean aritu ziren. Gazteak ere berehala animatu ziren eta 1971. urterako jubenil mailako lehen taldea atera zuten Club Deportivo Zumaiaren izenean. Seniorren taldea pixkanaka desegin zen bitartean (jokalarietako batzuek soldadutzara joan behar izan zutelako), jubenilen taldeak aurrera jarraitu zen 1974an Pulpo agertu zen arte.

Bombas Urpe babesle zuela sortu zen Pulporen lehen talde hura, jubenil mailan. Senior taldea ez zen 1981ra arte iritsiko. Baina, hori bai, Pulpoko gizonezkoen lehen talde seniorra sortu zenetik hona ez da hutsunerik izan; urtero izan da talde bat gutxienez. Harrobiko taldeak ere ugari izan dira maila ezberdinetan, baita emakumezkoenak ere. 

Emakumezkoen lehen taldea
Pulporen seniorren taldea sortu baino zertxobait lehentxeago sortu zen emakumezkoena, kadete mailakoa, 1979an. Lehen talde hura osatu zuten neskak urte batzuk lehenago hasi ziren eskubaloian jokatzen irakasle batek animatuta, 1976an, 12 urte zituztenean. Marian Egañak dio Maribi izeneko soinketa irakasleak sartu ziela eskubaloiarekiko grina. Hark irakatsi zizkien arauak. Betidanik neska mugituak izan zirenez, txikitatik baloiarekin jolasean ibiliak, berehala egokitu ziren ikasitako kirol berrira.

Hasieran talde gutxi zituzten inguruan eta urtean pare bat partida jokatzeko aukera besterik ez zuten. Eskolen artean izaten ziren partidak eta Zarautz zen aurkari ohikoena. 14 urte zituztela, Maria eta Josen ikasketak bukatuta, Zumaian ikasketekin jarraitzeko aukerarik ez zegoenez, kanpora joan ziren gehienak. Neskek, ordea, ez zioten eskubaloian jokatzeari utzi nahi izan. Beraz, elkartu eta taldea osatzea erabaki zuten. Gauzak horrela, Pulpori laguntza eskatu zioten haien izenean federatuta jokatu ahal izateko. Baiezkoa jasota, entrenatzaile bila hasi ziren. Mitxel Manterola eta Karmelo Alberdi hartu zuten ardura. Lagundu zieten Jose Luis Alberdi eta beti neskak animatzen ibili zen Jose Angel Alkorta ere gogoratzen dituzte.

Taldea osatuta eta entrenatzaileak lotuta zituzten; materiala behar zuten. Hura lortzeko orduko Taosa diskotekara joan ziren. Jabeekin hitz eginda, sarrerak saldu eta diru hori taldearentzat izatea adostu zuten; ordainetan, diskotekako jabeak barran ateratako diruarekin geratuko ziren. Diru horrekin, kamisetak eta baloi bat erosi zuten. Kamisetak urdinak eta beso luzekoak ziren; galtzak, berriz, klubak berak emandako mutilen galtza zaharrak. Baloia zen altxorra, zalantza izpirik gabe.

Federatuta jokatu zuten bigarren denboraldian heldu zen Pulpoko lehen emakumezko taldearen arrakasta. Espainiako txapeldun izan ziren Zaragozan. Donostian jokatu zuten sektorea gaindituta sailkatu ziren. Ana Yeregik ongi oroitzen du Madrilen aurkako azken partida erabakigarria: “8-8 berdindu genuen, baina aurretik jokatutako Bartzelona eta Sevillaren aurkako bi partidak irabazi genituenez, gol bakarraren aldeagatik izan ginen gu txapeldunak”. Kontxi Aizpurua, Arritxu Unanue, Maite Agirrezabalaga, Marian Egaña, Ana Yeregi, Ana Delia Mendizabal, Marilu Esnal, Maria Jesus Elzo, Marijo Aizpurua, Miki Gutierrez eta Pauli Elosuak osatu zuten talde txapeldun hura. Ana Egaña urtebete zaharragoa zen, eta, beraz, ezin izan zen kadete mailan aritu. Dena den, taldeko delegatu modura aritu zen.

Zaragozakoa ez zen talde hark egin zuen bidaia bakarra izan; jubenil mailan Sabadellen jokatu zuten sektorea, baina orduan ez zuten hurrengo fasera sailkatzerik izan. Horren ondoren desagertu zen taldea, jokalariak Zumaiatik kanpora atera behar izan zutelako unibertsitateko ikasketak egitera. Ikasketak amaitutakoan berriro bildu ziren senior mailan urte gutxi batzuk egiteko.

Aro Modernoa
Egun Pulpok ez du emakumezko senior talderik. Hutsune hori izan du klubak azken bi denboraldietan. Gainerako maila guztietan emakumezkoen zein gizonezkoen talde bana du, gutxienez. Hutsune hori bete nahian jokalari batzuk animatu dira taldea osatzera, baina momentuz ez dute taldea osatzeko adina jokalari.

Ainhoa Larrañaga atezainak jubenil mailako azken denboraldia du datorrena. Etorkizun oparoa du hondartzako eskubaloiko Espainiakoa selekzioarekin Europako txapelketa irabazi ondoren. Tamalez, Zumaiatik kanpo izango da, seguruenik. Baina herrian senior mailako taldea egotea gustatuko litzaioke, etxean geratzeko aukera izango lukeelako. Izan ere, gauza politak bizi izan ditu Larrañagak Pulporekin. Betiko lagunekin, infantil mailan, Euskadiko txapelketa irabazi zutenekoa, esaterako. Oroitzapenen artean, 2015ean jubenil mutilek jokatu zuten Espainiako Txapelketa ere ondo gordeta du Ainhoa Larrañagak. Jokatu ez arren, eskubaloiak emandako bizipen zoriontsuenetako bat dela aitortzen du.

Iñigo Garaizabalek ezin hobeto gogoratzen du aste magiko hura. Sekula ahaztuko ez duela dio. Taldeko kapitaina zen, eta jokatzea berezia izan bazen ere, herrian izan zen giroa da goraipatzen duena, herritarren artean ikusi zuen jarrera: “Jendea sarrera hartu ahal izateko ilara egiten goizean goiz, kiroldegia kamiseta gorriz beteta…”.

Hurrengo bi denboraldietan ezagutu zuen txanponaren beste aurpegia Garaizabalek. Senior mailan egin zituen lehen bi denboraldietan, bi maila jarraian galdu zituen klubak. Lehen jaitsiera bereziki mingarria izan zen, gainera. Taldeak ez zuen puntu bakar bat ere lortu eta 1999. urtean eskuratutako Estatuko lehen maila nazionala galdu zuen. Arkaitz Manterola atezainak, hain zuzen ere, maila igoera hartan hartu zuen parte. Oraindik amaitu ez duen ibilbidean zehar izan duen momentu berezienetako bat dela dio. 31 urte egin ditu Pulpon, maila guztietatik igarota, klubeko jokalari beteranoena da. Jokatzen jarraitzeko asmoa du, belaunak uzten dion bitartean, behintzat. Horrelako pasioa duten jokalariekin, etorkizuna ziurtatuta du eskubaloiak Zumaian, mendeurrena ospatzeko bidean.

Zumaiako lehen eskubaloi jokalari “profesionala”
Juan Mari Artetxe (Zumaia, 1942) 15 edo 16 urterekin hasi zen eskubaloian jokatzen, Donostiako Sagrado Corazon Mundaiz ikastetxean. Espainiako txapelketa irabazi zuen ikastetxeko taldearekin, jubenil mailan. Handik, ohorezko mailako Amaika Bat talde donostiarrera pasa zen, eta, soldadutza egiten ari zela, Domingo Barcenas Espainiako selekzioko hautatzailearen deia jaso zuen. Selekzioaren nazioarteko hainbat txapelketa jokatzeaz gain, Madrilgo Kirol Jauregia inauguratu zuen, besteak beste. Soldadutza amaituta, Atletico Madrilen deia jaso zuen, baina eskaintza baztertu eta aparejadore ikasketak egin zituen Burgosen. Bertan, aparejadoreen eskubaloi txapelketan hartu zuen parte.

Ikasketak amaituta, etxera itzuli eta Donostiako taldeetan jarraitu zuen eskubaloian jokatzen. Herrian lehen taldea sortu zenean, entrenamenduetan lagundu zuen hasieran, jokalari berriei irakasten. Taldeak aurrera egin ahala, mailaz igo eta bera ere animatu zen partidak jokatzera. 30 urterekin, ezkondu baino zertxobait lehenago, hartu zuen erretiroa.