Zumaiako 35. Musika Jaialdia

Udalak positibotzat jo du 35. Musika Jaialdia

Baleike 2019ko abu. 15a, 09:40

Ia hamabost egunez, musika topaleku bilakatu dira herriko txokoak. Egitarauean gora behera batzuk izan arren, Musika Jaialdiaren balorazio positiboa egin dute Udaletik. 

"Edizio arrakastatsua" izan da, Udalak adierazi duenez. Eguraldiak eta Donostiako Hamabostaldiko barne antolaketak egitaraua behar bezala betetzea baldintzatu dutela uste dute; hala ere, publikoak ondo erantzun duela eta musikariek maila altua erakutsi dutela nabarmendu du Udalak. Abuztuaren 1ean Aitzurin egindako Doinu zahar, Kantu berri aipatu dute. Hain zuzen ere, 350 lagunetik gora bildu zen ikuskizunaz gozatzera. 
 
Sapere Aude Sinfonietta bezalako ikuskizunak ikusteko "aukera paregabea" izan da, Udalaren ustez, jaialdia. Fernando Velazquez zuzendariak huts egin bazuen ere, Ruben Diazek "maisuki" ordezkatu zuen.
 
Herriko ohiko eszenatokiez gain, kaleko hainbat txoko ere bilakatu dira musika topaleku. Oxford aretoa, Mari kalea edota parrokia izan dira, besteak beste, Musika Jaialdiaren lekuko. San Pedro parrokian, esaterako, azken urteetako ikusle kopururik altuena bildu zen abuztuaren 7an. Biharamunean ere goraino bete zuten Alboka taldearek folck doinuek Mari kalea. 

Dantzak ere izan du bere tokia jaialdian. Bi bikotek bina lan laburren bidez eraman dute aurtengoan dantza garaikidea Odietara: LaRutan eta Amaia Elizaran taldeak.

Trizak taldearen kontzertuak itxi zuen 35. Musika Jaialdia, igandean. Egun bererako antolatutako Kantu Kontari ikuskizuna bertan behera geratu zen antolakuntza arazoak tarteko, baina, Udaletik iragarri dutenez, igandean, hilaren 18an, izango da emanaldia.