Zabaldu dute herriko taldeek Olarro Egunean lana egiteko deialdia

Baleike 2019ko abu. 13a, 10:43

Irailaren 21ean, Olarro Egunez, gastronomiak garrantzia handia izango du eta olagarroa zein itsasoko produktuak izango dira protagonista egun osoan zehar. Zumaiako Udalak herriko elkarteengana jo du aurtengoan ere. 

Taldeek hilaren 31 bitarte eman dezakete izena, Turismo Bulegoan, 943 14 33 96 telefono zenbakira deituta edo turismoa@zumaia.eus helbidera mezua idatzita. Taldeekin bilera bat egingo dute iraileko lehen astean, lan bakoitzaren betebeharrak azaldu eta talde bakoitzari zein tokitan lan egitea egokitu zaion azaltzeko. 

Etekin ekonomiko propiorik gabe modu iraunkorrean lan egiteko eratu diren kirol, kultur edo gizarte mailako elkarteek baino ezingo dute hartu parte. Horrez gain, Udalak herriko taldeen artean diru-laguntzak emateko ordurako onartutako oinarri berak ere bete beharko dituzte. Hain zuzen ere, Gizarte Segurantzarekin eta Ogasunarekin zorrik ez dutela ziurtatu beharko dute. Euskaraz jarduteko gai izan beharko dute, eta edariak banatzeko orduan, ezingo dute adin txikikoak izan.

Ostiralean, irailaren 20an, talde bakoitzeko 20 lagunek olagarroa moztu eta brotxetak egiteko konpromezua hartu beharko dute. Bestetik, Olarro Egunean bertan, olagarro zopa prestatu eta banatu beharko dute goizean eta brotxetak arratsaldean. Azpiegitura muntatzea ere taldeen ardura izango da. Olagarro Eguneko lanaldia 9:00etan hasi eta 23:00ak alderakoa izango da, eta txosna guztiek ordutegi eta prezio berdinak izango dituzte. Udaletik jakinarazi dutenez, edarien kargu ere taldeek euren kabuz egin beharko dute. 

Txosnez gain, bazkari herrikoia zerbitzatzeko lana ere eskainiko dute. Guztira, 550 lagunentzako bazkaria izango da, eta azpiegituren kargu egitea eskatuko zaio taldeari. Bazkaria atera, txartelak kendu, karpara sarrerak zaindu eta txukuntze eta jasotze lanak egiteko, 35 lagun beharko direla aurreikusi dute. 

Udalaren, herri bazkariko arduradunen eta txosnetako kudeatzailaren artean koordinatuko dute muntaia eta desmuntaia.