Jon Kareaga: “Bizitza dedikatu nahi diot ingurumenean eta gizartean eragin positiboa sortzen duen proiektu bati”

Izaskun Urbieta 2019ko abu. 12a, 15:30

LEINN (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza) graduko hirugarren maila bukatu berri du Jon Kareaga gazteak. Ingurumenarekiko eta animaliekiko duen atxikimendua eta maitasuna handia izaki, biologia ikasketak egitea ere pentsatu zuen hasieran, baina proiektuak garatzea ere gustuko duenez, gradu horrek ematen dituen ezagutzak jasotzea aukeratu zuen azkenean. Uztaileko Baleike aldizkariko erreportajea ekarri dugu webgunera. 

“Nire balioak eta filosofia aurrera eramaten duen enpresa bat sortzen ikusten naiz”, nabarmendu du. Dagoeneko Bask proiektua martxan jarri du, eta horren baitan, Asiako hiru herrialdetan grabatu duen Made in, Made for dokumentala egin du; moda industriak ingurumenean eta pertsonengan duen eragina azaltzen duen film luzea.

Graduaren helburu nagusietako bat proiektu batzuk aurrera ateratzea da.
Ikasketa hauetan egiten duzun lehen gauza zeure burua ezagutzea da. Proiektuak egin behar dira, eta, horretarako, jakin behar duzu zer nahi duzun lortu eta zer duzun gustuko. Nire kasuan, argi dut bizitza dedikatu nahi diodala ingurumenean eta gizartean eragin positiboa sortzen duen proiektu bati. Hain zuzen, asmo horrekin jarri nuen martxan Bask arropa marka, ulertzen dudalako modak zeresan handia duela ingurumenean eta gizartean inpaktu positiboa lortzeko.

Zuri, ordea, moda kontzeptua ez zaizu askorik gustatzen.
Konturatu naiz modak eragin negatiboa sortu duela gizartean, baina, era berean, argi eta garbi ikusi dut gauzak aldatzeko indar handia duela. Moda gizartearen motor bezala erabiltzen dugu;orain arte modu negatiboan, adibidez, Bangladesh bezalako herrialdeetan. Goazen, beraz, gauzak era positiboan eraldatzera, eta herrialdeak eta bertako komunitateak ahalduntzera.

Bask izeneko arropa marka sortu duzu. Ingurumenarekiko duzun kontzientziazioa eta sentsibilitatea aintzat hartuta, jasangarriak izatea da arropa horien bereizgarria?
Jasangarria hitza bera oso modan dago, eta Zara eta H&M dendek, esaterako, jasangarria deitzen dioten arropa dute salgai beraien web orrialdeetan. Norberak definitu behar du zer den jasangarria, eta guk jasangarritzat definitzen dugu gizartean inpaktu positiboa (ekonomikoa, soziala eta ingurumenarekikoa) sortzen duenean. Zergatik? Proiektu batzuk askotan ingurumenarekiko jasangarriak direlako, baina ez maila sozialean. Bask markak, adibidez, material birziklatuak erabiltzen ditu. Irunen produzitzen da; beraz, geuk ziurtatzen dugu produkzio kate guztia, eta, horrenbestez, lan baldintza onak dituztela.

Gizartean eraldaketa lantzeko, baina, uste duzu komunitate oso baten atxikimendua behar dela.
Hala da. Orain arte proiektu hau lantzen bi pertsona izan gara, baina mundua aldatu nahi badugu, uste dugu bakarrik ezin dugula. Ikusten dugu komunitate baten beharra daukagula, eta horregatik ekintza ezberdinak egin nahi ditugu: zabor bilketak, ekitaldiak, hitzaldiak, aktibismoa bultzatu…

Zer lanketa dakar horrek guztiak?
Edozein proiektu gauzatzeko ausardia izan behar duzu eta edozein pertsonarekin hitz egiteko beldurrik ez izan. Graduan hainbat bidaia egin ditugu herrialde eta errealitate ezberdinetara. Horien helburua izan da proiektu batzuk bertan garatzea, bezero mota ezberdinak ezagutzea… Finlandian egon naiz, adibidez, eta aukera izan dut bertako hezkuntza metodologia ikasteko. Gero, San Frantziskora joan nintzen eta Apple edo Google bezalako enpresen barne kultura ezagutu nuen. Amaitzeko, Indian eta Txinan izan nintzen, eta han beste errealitate bat aurkitu nuen. Indian ikasi nuen ditugun gauzak baloratzen, eta Txinan, berriz, zer azkar mugitzen den gizartea eta zenbat lan egiten duten.

Ekintzaileentzat Asia al da aukera gehien dituen kontinentea?
Oso ezberdina da. Zure proiektuekin inpaktu globala lortu nahi baduzu, beste herrialde batzuk ezagutu eta horien funtzionamendua jakin behar duzu. Indiak gaitasun batzuk sortu dizkit, esaterako, errespetua, begirunea… Bidaia horiek egiteak eta ordena horretan zentzu bat du: Finlandian, metodologia; San Frantziskon, enpresak; Indian, zeure buruaren ezagutza eta boluntariotza; eta, Txinan, merkatua.

Ekintzaile bezala, esan behar dut Asian aukera asko daudela, baina baita Europan ere. Are gehiago: uste dut zailagoa dela ekintzaile izatea Asiako herrialdeetan.

Made in, Made for dokumentala, hain zuzen, Asian grabatu duzu.
Indiako eta Txinako egonaldietako proiektua izan da. Gabonetan Aldundiari eman nion nire proiektuaren berri eta finantzazioa lortzeko eskaera egin nuen. Dokumentalaren helburua izan da erakustea gure kontsumo ez jasangarriak nolako inpaktua daukan pertsonengan, baita gizartean ere.

Duela urtebete Bask sortu nuenetik, gero eta kontzienteagoa naiz modak sortzen duen eragin negatiboan eta hori ikusteko joan nahi nuen Asiara. Ekiñe Eizagirrek lagundu zidan dokumentalerako protagonistak bilatzen, elkarrizketak egiten, leku klabeak identifikatzen… Dokumentala ikuspuntu ezberdinekin osatzeko Euskal Herrian ere egin genituen elkarrizketak. Horretan, Uxue del Rio eta Nuria Robleño izan nituen laguntzaile.

Nolakoa izan zen dokumentala grabatzeko prozesua?
Nahiko denbora laburrean egin dut guztia. Familiarekin Vietnamen izan nintzen Gabonetan eta handik Kanbodiara joan nintzen bakarrik. Han nengoela jaso nuen Aldundiaren baiezkoa; aipatu zidatenez, ingurumen saileko estrategietako batean kokatzen dute moda industria.

Indiara iritsi nintzenean, nire ikaskideekin harremanetan jarri eta dokumentala prestatzen hasi ginen. Prozesu zaila izan zen, jendearen ezezko asko jaso genituelako. Beldur handia dute bizitzen duten errealitatea kontatu eta aurpegia emateko. Azkenean, moda industria oso handia da han. Eragin negatiboa grabatzera joan ginen eta ez zigun inork erakutsi nahi.

 Ezina ekinez lortzen da, eta azkenean zerbait lortu zenuten.
Tiruppur izeneko herrixka batera joan ginen. Han modari lotutako enpresa asko daude: Primark, Zara, Kiabi… Horietan sartzeko gezur asko esan behar izan genituen, esaterako, moda industriak ekarri duen lana eta aberastasuna grabatzera joan ginela. Hala ere, kamerarik gabe erakutsi ziguten.

 Zer ikusi zenuten?
Espero genuena: jendez betetako lerroak eta lerroak lanean. Orduan gauza batez konturatu ginen. Industria horrek sortzen duen eragin negatiboa ez dela gertatzen bakarrik lantegietan, hortik kanpo ere zabaltzen dela. Lan baldintza kaxkarrak izateaz gain, ez dute aisialdirako denborarik, etxebizitza duinik ere ez dute… Lan horietan gehienak emakumeak dira, umeak ere badaude eta egunero 2,50 euro irabazten dute, gutxi gorabehera.

India, Txina eta Bangladeshen ere grabatu zenuten.
Bangladeshera bakarrik joan nintzen eta nahiko beldurtuta. Harremanak eta kontaktuak bakarrik lortu behar izan nituen. Hiru egun egon nintzen, eta egon nintzen denbora gutxirako erraza izan zen enpresetan sartzea. Askoz ere azalpen gutxiago eman behar izan nituen.

Zer ikusiko dute ikus-entzuleek dokumentalean?
Film luzeak kontatzen du Asiara dokumental bat grabatzera doan mutil baten istorioa. Bere asmoa da modak ingurumenean eta pertsonengan duen inpaktua grabatzea. Dokumentala Bangladesheko Rana Plaza izeneko eraikina egon zen lekuan hasten da. 2013ko apirilaren 24an eraikin hori erori egin zen eta 1.135 pertsona hil eta 2.500 zauritu ziren. Erori baino lehen, langileak kexu ziren eraikinaren egoera txarraz eta ez zuten lanera joan nahi, baina… Hortik dator Fashion Revolution kontzeptuaren jaiotza, hau da, zer ari gara kontsumitzen? Zer enpresa ari gara bultzatzen? Dokumentala hor hasten da eta mutilak arropa bat egiteko prozesua ikusi nahi du. Horregatik, kotoi fabrikak ikusten hasten da, tindatzekoak geroago, baita josteko lekuak ere.

Kamiseta bat nola egiten den ikusten duenean zer gertatzen da?
Konturatzen da langileen baldintza horiek sistemaren arazo baten ondorio direla, eta horretan ardura dutela bai Gobernuak, bai markak, bai kontsumitzaileak. Dokumentalaren beste helburuetako bat da, hain zuzen, jendea ohartzea kontsumitzaile gisa zenbateko eragina ahal dugun izan industria hori aldatzeko. Gure erabaki bakoitzak definitzen du gure etorkizuna; gure kontsumo ereduek babesten dute nolako enpresak nahi ditugun izan etorkizunean. Geu aldatzen bagara, enpresak aldatuko dira, eta horiek aldatzen badira, baita Gobernuak ere.

Nolako esperientzia izan da hori guztia egitea?
Izugarria, eta aitortu behar dut beldurra ere pasa dudala. Eskerrak eman nahi dizkiet gurasoei, Diputazioari eta taldeari. Dokumentalean parte hartzen duten protagonistei ere bai, oso jende jatorra topatu dut. Lan horrek nire filosofia berresten lagundu dit. Fast fashion kontzeptuaren aurka nago; zerbait erosi eta bi aldiz erabilita botatzea. Prenda horrek ez du baliorik.

Dokumentala maiatzean estreinatu zenuen Donostian San Sebastian Moda egitasmoaren barruan.
Tabakaleran egin genuen ekitaldia. Berezia izan zen; izan ere, dokumentala eman aurretik Espainiako Fashion Revolutioneko arduraduna etorri zen hitzaldi bat ematera. Jendeak harrera ona egin zion dokumentalari. Edizioan akats batzuk egon ziren, baina jendeak ongi harrapatu zuen ideia. 

Orain, dokumentala hobetu eta beste toki batzuetan erakusteko asmoa duzu.
Jaso genuen feedbacketik hobetu nahi dugu, baita finantzazioa lortu ere. Horrela, lortutako diruarekin Indian edo Bangladeshen tailer sozial bat egiteko helburua dugu. Noski, ingurumena zaindu behar dugu, baita bertako ekonomia ere, baina lan horietan dabiltzan pertsonek soluzioak behar dituzte. Hala, proiektu hori martxan jartzeko donazio kanpaina abiatuko dugu eta iraila edo urrian hara joatea aurreikusten dugu. Bitartean, besteak beste, Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen dokumentala erakutsi eta ekitaldiak egiteko asmoa dugu. Zumaian, esaterako, uztailaren 4an Kontzientziazio eguna antolatu genuen.