Estropada baten nondik norakoak

Urtetik urtera estuago dago lehia emakumezkoen arraunean. Borroka honek ikusgarritasuna ematen dio ikusleari eta tentsio handia arraunlariari. Hainbeste eta aurkakoak izan daitezkeen emozioak bizitzen ditugu estropada batean.

Estropada eremuaren arabera, orduak igaro ditzakegu bidaietan. Normalean furgonetetan joaten gara gu eta ahal den guztietan musika topera jartzen dugu. Abesten, burua beste leku batean ipintzen dugu nahiz eta sabeleko tximeletak hor ibiltzen diren bueltaka. Bidaia hauetan saiatzen gara estropadaz gehiegi ere ez hitz egiten, azkenean urduri ipintzen garelako eta urduritasuna kutsatu egiten delako. 

Behin estropada eremura iristerakoan lan handia izaten dugu aurretik. Trainerua karrotik askatu, traineruari buelta eman, azkeneko ukituak egin eta motora uretara bota. Behin lanok egindakoan, entrenatzaileari galdetzen diogu ea zein ordutarako egon behar dugun prest berotzeko eta uretara irteteko. Ordua zehaztuta kafea hartzera joaten gara. Kafetegian, batzuk berbatiago egoten dira eta besteak isilago. Eguraldiaz, anekdotez, estropada eremuaz, tokatutako kaleaz … hitz egiten dugu baina beti ere ahalik eta kontzentratuen egoten saiatzen gara. 

Ileak eta platanitoa bere lekuan ipinitakoan, lehorreko beroketa egiten dugu, gorputzeko giharrak berotzeko. Entrenatzaileak bere diskurtsoa eta aholkuak ematen dizkigu, gure oihua egiten dugu eta uretara joaten gara. Uretan bezperako entrenamenduaren antzeko ariketak egiten ditugu (pixka bat berotu eta salida eta ziabogak egin) gure txanda iritsi arte. Orduan, irteerara deitzen gaituzte eta estatxa hartzen dugu, trainerua lerrokatuz.  Momentu hau izaten da pertsonalki okerrena. Irteeran prest zaudenean, hortik ihes egiteko gogoa izaten dut, nire buruari galdetuz: nork esan zizun hemen sartzeko Aintzane? 

Epaileak “Ba!” oihukatzen duenean hasten da gure estropada: 3 palada motz, 10 luzeago eta beste 10 arraunketa hartzeko. Behin arraunketa hartuta, 2.770 metro izaten ditugu daukagun guztia emateko.