Zumaiako 35. Musika Jaialdia

Jazza eta euria Musika Jaialdiaren agurrerako

Baleike 2019ko abu. 12a, 08:57

Euria izan zen atzo gonbidatu gabeko bisitaria Zumaiako Musika Jaialdian. Mari kalean programatuta zegoen ekitaldi bat Oxford aretora mugitzera behartu zuen eguraldiak. Hori nahikoa ez, eta ipuin kontaketa saioa atzeratu beharrean aurkitu ziren antolaketa arazo batzuk direla medio.

Donostiako Musika Hamabostaldiko bi saio ziren egitekoak atzo Zumaian. Goiz partean Hitzak tailerra egin zen Oxforden. Arratsalderako aurreikusita zegoen ipuin kontaketa saioa, baina, bertan behera geratu zen. Abuztuaren 18an egingo da. 

Trizak hirukotearen jazz kontzertua ere Mari kalean zegoen iragarrita, baina euriak ez zuen atzo atsedenik hartu eta, azkenean, Alondegiko Oxford erakusketa aretoan egin zen. Jon Pirisek (kontrabaxua), Hasier Oleagak (bateria) eta Julen Izarrak (saxoa) beraien maisutasuna erakutsi zuten eta igandeko arrats hezea jazzaz blaitu zuten.