Beaskoetxeak eta Imanol Lopezek irabazi dute Gernikako Grand Slama

Baleike 2019ko abu. 11a, 12:04

Gernikako Grand Slameko finala jokatu dute bart gauean. Gernikako Jai Alai frontoia txiki geratu da beste behin ere; 2.000 lagun bildu dira frontoian: besaulki denak beteta, ikusle batzuk eskaileratan eserita eta beste asko zutik zesta puntak eman dezakeen partidarik onenetakoa ikusteko gogoarekin. 

Zumaiako bi pilotari izan dira aurrez aurre txapelketako finalean. Iñaki Osa Goikoetxea eta Lekerika gorriz, eta Beaskoetxea eta Imanol Lopez urdinez. Urdinak dominatzen hasi dira partidaren lehen uneetatik. Goikoetxea jokoan sartzen ez uzteko asmoarekin, pilotakadak atzeko koadroetara botatzen aritu dira. Eskuin besoan zituen molestiak ahaztu, eta nagusi izan da Lopez zumaiarra atzeko koadroetan. Sekulako erakustaldia eskaini du Lopezek finalean.

0-2, 1-4, 3-5, 4-8, 5-10, 7-13. Lehen setean beti joan dira Beaskoetxea eta Lopez aurretik markagailuak. Goikoetxeak egindako tanto batzuei esker zertxobait hurreratu dira gorriak markagailuan, baina ez da nahikoa izan, eta 10-15 emaitzarekin irabazi dute seta urdinek.

Bigarren seta beste bide batetik joango zela espero izan dute zaletuek. Goikoetxea eta Lekerika dominatzen hasi dira eta 4-1 emaitzarekin jarri dira aurretik. Urdinen motorra berriro jarri da martxan eta 5-4 emaitzara hurreratu dira. Ez hori bakarrik, zuzenean 5-10era eta, ondoren, 5-14ra joan dira Beaskoetxea eta Lopez. Goikoetxeak seigarren tantoa lortu du gorrientzat, baina dagoeneko berandu zen. 6-15 emaitzarekin irabazi dute bigarren seta eta txapelketa urdinek.