Ainhoa Larrañaga: “Atezaina izateko ez duzu baloiaren beldurrik izan behar”

Baleike 2019ko abu. 11a, 11:02

Ainhoa Larrañaga zumaiarrak hondartzako eskubaloiko Europako txapelketa irabazi zuen ekainaren amaieran gazte mailan, Polonian, Espainiako selekzioarekin. Pulpoko harrobitik sortutako jokalaria Bera Berarekin arituko da datorren denboraldian.

17 urte ditu Larrañagak, eta bere ibilbide  guztia Pulporekin egin du. Uda honetan hondartzako eskubaloian aritu da, eta Europako txapelketa ere jokatu du. Bera Bera talde donostiarrarekin arituko da denboraldi berrian.

Zergatik aukeratu zenuen eskubaloia eta ez beste kirolen bat?

Hasieran futbolean hasi nintzen, baina ez zidan grazia handirik egin. Nire lagunak eskubaloira pasa ziren, eta ni ere beraiekin joan nintzen. Hala hasi nintzen eskubaloian. 

Atezaina zara.

Ez zait gustatzen korrika egitea! Eta horregatik jarri nintzen atezain postuan. Eskola kirolean ere postu horretan aritzen nintzen, eta gustukoa nuen. 

Zer behar da atezain ona izateko?

Erreflexuak, eta baita bizkortasuna ere. Baina, batez ere, baloiari beldurra ez izatea. Baloiari beldurra badiozu ez du zentzurik postu horretan jartzeak.

Eskubaloiko ibilbidea Pulpon egin duzu.

Alebinetako bigarren urtean hasi nintzen Pulpon, eta gero infantileko eta kadeteko bi urteak egin nituen. Azken denboraldi honetan gazte mailako lehen urtea egin dut Pulpon. Infantiletako bigarren urtean Euskadiko txapelketa irabazi genuen, eta iaz, kadeteko bigarren urtean, Espainiako txapelketako sektore batera sailkatu ginen.

Espainiako selekzioarekin ere aritu zara.

Infantiletan Euskadiko selekzioarekin aritu nintzen, eta maila horretako bigarren urtean Espainiako selekzioko kontzentrazio batera joan nintzen. Entrenatzen bakarrik aritu nintzen hor. Gero, hurrengo urtean, beste kontzentrazio batera deitu ninduten, eta haren ondoren 18 jokalari hautatu zituzten taldea osatzeko. Beste astebete edo egin nuen hor, eta partida bat ere jokatu nuen. Urte horretako azaroan torneo bat jokatzeko ere deitu ninduten.

Halako mailan jokatzeko esperantzarik ba al zenuen?

Ez. Dena sorpresa moduan etorri da.

Uda honetan hondartzako eskubaloian aritu zara.

Aurreko urtean pare bat torneo jokatu nituen. Hasieran fabore bat egiteko hasi nintzen jokatzen. Hondartzako eskubaloian aritzen den lagun batek esan zidan atezaina behar zutela eta ea probatu nahiko nuen. Egun bateko torneo bat jokatu nuen, eta gustatu egin zitzaidan. Gero beste pare bat torneo ere jokatu nituen, eta baita Espainiako txapelketa ere. Han hautatzaileak izaten dira, eta handik etorriko zen selekziorako deitzea.

Desberdina izango da ba pistakoarekin alderatuta.

Neketsuagoa da. Ez da gauza bera lisoan korrika egitea edo hondarretan egitea. Baina zatiak motxagoak dira; hamar minutuko bi zati izaten dira. Azkenean ondo eramaten da. Desberdina ere bada, jokalariek ez dutelako normal jaurtikitzen baloia. Flyak izaten dira, txiribueltak... Pistakoarekin alderatuta beste arau batzuk ditu.

Zer nahiago duzu? pistakoa edo hondartzakoa?

Ez dakit... hondartzakoa dibertigarriagoa da, baina agian ez nintzateke urte osoa horretara jokatzen arituko. Uda garaian torneo batzuk jokatuta nahikoa dut.

Europako txapelketa irabazi duzue. Espero al zenuten?

Ez. Asko entrenatu genuen, eta hautatzaileak esaten zigun serio hartzen bagenuen irabazteko aukerak izango genituela. Ez genion asko sinesten; ez genuen uste hain onak ginenik. Ez genuen asko nabarmentzen ziren jokalaririk, baina talde bezala azkenean lortu genuen. 

Noiz hasi zineten sinesten zerbait lortzeko aukera zenutela?

Bigarren egunean Holandari irabazi genionean. Txapelketa irabazteko faboritoen artean zeuden, eta haiei irabazi ondoren finalerdietara sailkatu ginen, eta hor ikusi genuen zerbait lortzeko gai izango ginela, agian. Ondorengo partidetan pixka bat urduriago geunden, baina asko ere ez; presio handirik ez genuen. 

Txapelketa irabazi eta etxerakoan harrera izan zenuen.

Ez nuen espero, egia esan. Esan zidaten kafe bat hartzera gindoazela. Eta ilusioa egin zidan. Gero, Zumaiako eskubaloiaren urteurreneko ekitaldian txapela eman zidaten. Oso pozik hartu nuen, etxean gordeta daukat.

Zer asmo dituzun hemendik aurrera.

Urtean zehar pistakoa egingo dut, normal, eta uda garaian, posible bada eta libre banago, behintzat, hondartzakoa egingo dut. Aurten Bera Berara noa bigarren urteko gazteen denboraldia egitera. Gero, ikusiko dugu zer gertatzen den. Berez, eskubaloian jarraitzeko asmoa dut, baina kontutan hartuko dut zer ikasi behar dudan eta non. Medikuntza ikasi nahi dut.

Nola ikusten duzu eskubaloiaren egoera? Eta emakumezkoena?

Eskubaloiak ez du indar handirik; futbolarekin alderatuta, behintzat. Eskubaloitik ezin du inork bizi, eta emakumezkoetan gutxiago. Kanpora joaten bazara, agian bai, baina Espainian ez. Nire ustez garrantzitsua da karrera bat egitea, edo ikasketak izatea. Agian denboraldi batean biziko zara eskubaloitik, baina etorkizunera begira ez.