Zumaiako 35. Musika Jaialdia

Hamabostaldiko ekitaldiak eta jazz kontzertua Jaialdia amaitzeko

Baleike 2019ko abu. 11a, 10:12

Gaur amaituko da uztailaren amaiera hartan hasi zen Zumaiako Musika Jaialdiaren 35. edizioa. Azken egun hau ere ekitaldiz beteta dator: Donostiako Hamabostaldiko bi ekitaldi izango dira, eta, eguna amaitzeko, jazz kontzertua.

Musikaz gain, artearen beste diziplina batzuetara zabaltzeko gogoa izan du betidanik Zumaiako Jaialdiak. Hala, atzo dantzak hartu zuen Odieta pilotalekua. Maria Andresen Out of the blue II ikuskizuna izan zen lehenbizi, eta Amaia Elizaranen Block jarraian. 

Donostiako Musika Hamabostaldiko bi saio izango dira gaur. 11:00etan Hitzak tailerra egingo da Alondegian Maushausen eskutik. Itziar Okarizen sormenezko mundura gerturatuko gaitu tailer honek. Hitzez osatutako mural kolektibo bat egingo dute haurrek, ozen irakurritako poema bat adi entzutetik abiatuta. Poema bien transkripzio gurutzatuaren bidez eta kolorea gehitzearen bidez, saioan gertatutakoaren irudi grafikoa eskuratuko dugu. Tailer honetan parte hartzeko aurrez izena eman behar zen.

Arratsaldean, 18:00etan hasita, Kantu kontariren Bertoko eta urrutiko ipuinak saio musikatua izango da. Printzipioz Mari kalean zen egitekoa, baina eguraldiaren egoera dela medio Alondegiko Oxford aretora eramango da. Kantu kontari formatu txikiko ikuskizun bat da, non ipuinak eta musika uztartzen diren. 3 eta 10 urte arteko neska-mutilei zuzendutako ekimen honek, musika eta ipuinak bitarteko direla, entzuteko gaitasuna garatzea du helburu nagusi.

Eguna eta Jaialdia amaitzeko, Trizak hirukotearen jazz kontzertua egingo da. Hau ere Mari kalean zen egitekoa, baina eguraldiak, ziur aski, Oxfordera eramango du. 20:00etan hasiko da kontzertua. 

Trizak proiektuak izen bereko lehen diskoa kaleratu zuen Gaztelupeko Hotsaken, Errabal zigiluaren eskutik, 2017an. Hirukotea saxoa, kontrabaxua eta bateriak osatzen dute eta musika inprobisatua du oinarri. Jazz musikan nahiz bestelako alorretako hainbat proiektuetan ibilitako hiru musikari elkartu dira bertan: Jon Piris, Hasier Oleaga eta Julen Izarra.

'Trizak' itsasontzietan belak igo eta jaisteko sokak dira, bidaietako hasieren irudi. “Trizak listo eduki” esan ohi da portuan adi egoteko eskatzen denean, etortzekoa den edozelango gertaeraren aurrean prestatuta. Badauka musika honek jazzari propio zaion abentura gogotik, baita beste eremuetatik jasotako haize freskorik ere.

Proiektuak taldekideek idatzitako musika jotzeko topagunea izan nahi du, jatorrian hitzik gabeko esparru instrumentalean, geroan akaso beste diziplina batzuekin uztartuta ere. Konposizioak abiapuntua baino ez dira, behin taldera ekarrita kantak inprobisazioaren bide ezezagunetatik abiatzen direlako. Badira tartean bertsio batzuk, Here's to you ala Birjiña maite esate baterako, iraganean modu batera edo bestera oihartzuna izan duten soinuen inguruan bide berriak ibiliz.