Telmo Deun nagusi izan da gaur etxean

Baleike 2019ko abu. 10a, 21:54
Argazkiak: Javier Carballo

Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteak denboraldiko bosgarren bandera irabazi du, non eta etxean. Ehuneko gutxi batzuk besterik ez dira izan Zumaia eta bigarren sailkatu den Hibaikaren artean, baina nahikoa izan da etxeko bandera irabazteko, eta sailkapenean aldea zabaltzeko. 

Etxean lan ona egiteko asmoa zuen emakumezkoen Telmo Deunek, eta bai bete ere. Aldetik jotzen zuen metro inguruko olatuekin jokatu da estropada, eta ikuskizun ederra ikusteko aukera izan da azken bi txandetan. 

Zumaia hirugarren txandan aritu da, ohorezkoan, Deusto, Tolosaldea eta Hibaikarekin batera. Irteera oso ona egin du Telmo Deunek eta hasi eta berehala atzean utzi du Deustoko trainerua. Ziabogan lehena izan da Zumaia 5:30 denborarekin. Bigarren Hibaika izan da lau segundora, hirugarren Tolosaldea zortzira eta laugarren Deusto 21era. Errenteriarren eta tolosarren artean kokatu da bigarren txandan aritu den San Juan, zazpi segundora.

Bueltako luzean, olatu artean, ez da hain ondo moldatu Zumaiako trainerua, eta Hibaikak aldea jan dio. Azken metroak ikusgarriak izan dira. Zumaia lehen kaletik eta Hibaika laugarrenetik olatuak hartzen saiatu dira. Une batean beltzak ziren aurretik, hurrengoan gorriak. Hala heldu dira azken txanpara, eta hor lehena izan da Telmo Deun 11:28,14 denborarekin. Bigarren Hibaika izan da, 46 ehunekora (11:28,60), hirugarren Tolosaldea (11:46,26) eta laugarren Deusto (11:57,32). 

Zumaiako I. ikurrinako sailkapenean, hirugarren postuan, bigarren txandan aritu den San Juan kokatu da. 96 ehuneko izan dira Zumaia eta pasaiarren artean. Txanda honetan ere ikuskizun ederra eskaini dute sanjuandarren atzetik sartu diren Kaikuk, Isuntzak eta Hernanik. Lehen txandan Ondarroa izan da narbarmen nagusi Lapurdi eta Colindresen aurretik. 

Hemen ikus daitezke gaurko estropadako emaitzak. 

ETE ligako sailkapen nagusian lidergoan jarraitzen du Zumaiak. Kike Manterolak entrenatutako neskek 109 puntu dituzte, eta bigarren den Hibaikak bi gutxiagi, 107. 

Bihar bertan beste estropada bat izango dute ETE ligako traineruek. XXXV. Ondarroako banderan lehiatuko dira, eguerdiko 12:00etatik aurrera.