Zumaiako 35. Musika Jaialdia

Dantzari ateak zabalduko dizkio gaur Zumaiako Musika Jaialdiak

Baleike 2019ko abu. 10a, 09:52

Dantzak bere lekua izango du aurten ere Zumaiako Musika Jaialdiaren programazioan. Bi dantza saio izango dira 20:00etatik aurrera Odieta pilotalekuan. 

Amaia Elizaranek Block izeneko ikuskizuna aurkeztuko du Odietan. Dantza garaikidea komunikazio hizkuntza bezala hartuta, proiektuak abiapuntu espezifiko bat du: gorputza. Bi emakumek osatzen dute Block. Bi emakume hauek gorputzaren bitartez dute erlazioa, kontrako indarrak eta blokeoak sortuz. Guzti hori, erresistentzia horietan oinarritutako hizkuntza propioa eraikitzeko helburuarekin. Blokeatu, oztopatu, eragotzi, ibilgetu, bakartu... Pertsona batek bere bizitzarekin aurrera egitea oztopatzen du blokeo batek eta horrek hainbat eratan eragina izan dezake. Gizakiok, batzuetan, nahi duguna adierazteko zailtasunak izaten ditugu, baita gauzei zentzua aurkitzeko zailtasunak ere.

Jarraian Out of the blue II ikuskizuna taularatuko du Maria Andresek. Out of The Blue formatu txikiko dantza garaikideko pieza da. Kalea eszenatzat hartzen duten bi interprete ditu protagonista. Lan fresko eta dibertigarria da, askatasunez dantzatu, mugitu, deskonektatu, errutinarekin eta ezarritakoarekin apurtu eta gozatzearen beharretik sortua.