Urrezko eskularrua irabazi du Goikoetxeak Miarritzen

Baleike 2019ko abu. 8a, 21:48

Urrezko eskularrua txapelketako finala jokatu zuten atzo Miarritzen, leporaino bete zen Euskal Jai pilotalekuan. Iñaki Osa Goikoetxeak bere bigarren eskularrua irabazi zuen, kasu honetan, Inza hendaiarrarekin bikotea osatuta. 

Txapeldunek Egiguren donostiarra eta Lekerika gernikarra izan zituzten aurkari finalean. Partidako lehen fasean ez zen dominatzaile garbirik izan. Gorriak seina berdindu zuten, eta handik 10-7 emaitzarekin jarri ziren aurretik. Egigurenek eta Lekerikak, baina, hamarna berdindu zuten. 11nako berdinketa ere izan zen, baina Goikoetxeak eta Inzak lortu zituzten azken lau tantoak, eta 15-11 emaitzarekin irabazi zuten lehen seta. 

Bigarren setean 1-4 jarri ziren aurretik urdinak. Fase horretan aurretik izan ziren Egiguren eta Lekerika, baina seina berdindu ondoren, 9-6 jarri ziren aurretik Goikoetxea eta Inza. Bederatzina berdintzea lortu zuten urdinek, baina hortik aurrera dominatzaileak izan ziren gorriak, eta 15-11 emaitzarekin irabazi zuten bigarren seta ere, eta, ondorioz, txapelketa. 

Harrigarria bada ere, Goikoetxeak ez zuen orain arte urrezko eskularrurik eskuratu; azken bi edizioak, ordea, berak irabazi ditu: iazkoa Irastorzarekin eta aurtengoa Inzarekin.