Zumaiako 35. Musika Jaialdia

Albokaren folk doinuek hartuko dute gaur Mari kalea

Ensemble 442ren kontzertua, atzo parrokian. Argazkia: Alondegia kultur etxea

Musika klasikoa da Zumaiako Musika Jaialdiaren ardatza, baina beste musika estilo batzuetara zabaltzen du bere eskaintza. Horren erakusle da gaur Mari kalean Alboka folk taldeak emango duen kontzertua. Emanaldia 20:00etan hasiko da. 

Donostiako Musika Hamabostaldiak Zumaian eskainiko dituen saioetatik lehena egin zen atzo parrokian. Entzuleek parrokia bete zuten Ensemble 442 proiektuaren kontzertua entzuteko. Laukoteak Mendelssohnen eta Piazzolaren obrak jo zituen. 

Gaur folkaren txanda izango da, Mari kalean. 25. urteurreneko bira betean, eta azken diskoa besapean dator Alboka taldea, Joxan Goikoetxeak eta Alan Griffinek zuzentzen duten euskal folkaren ikurra. Ibilbide luzean Txomin Artola edo Josean Martín Zarkoren moduko musikari handiak izan dituzte taldekide, eta orain ere luxuzko zazpikotea ekarriko dute Zumaiara.

Mende laurden oparoa ospatzeaz gain, Lurra, Ur, Haize bosgarren diskoa ere aurkeztuko dute. CD mardul honetako 17 kantuek jada ezaguna egiten zaigun bidai bat proposatzen digute, dantza eta erromantze zaharrak ezagutarazi eta egokituz, eta aldi berean molde eta nortasun handiko konposaketa berriak aurkeztuz.