Bad Sound taldeak kontzertua emango du gaur Itziarko Kopraixetan

Itziarko Auzo Udala 2019ko abu. 7a, 09:24

Giro ederrean ari dira ospatzen Kopraixak Itziarren, egitarau oparoz, joan den larunbataz geroztik. Gaur Gazteen Eguna dute bertan, herriko festei amaiera zaratatsua emanez. Goizean goizetik hasiko da gaur ere zalaparta, jolas, kirol, txaranga, herri bazkari eta ohiko zezenekin.

Gaueko 23:00etan Bad Sound taldeak erritmo bizia jarriko du herriko plazan. 2003.urtean Irunen sortutako musika taldea da. Reggae, Dancehall eta Ragga estiloak biltzen dituen taldea da Bad Sound. Zuzeneko indartsuengatik egin dira famatu, eta gutxi dira Euskal Herrian talde honek oraindik zapaldu ez dituen eszenatokiak. Euskal Herrian ez ezik, atzerrian ere ibiliak dira, Frantzian, Mexikon eta Japonian zehar eginak dituzte birak. Selektah Stepi (DJ) eta Kenitra (MC) dira gaur egun Bad Sound. 

Kontzertuaren ondoren ohiko play back saioa izango da Itziarko plazan. Ondoren berbena hasiko da Tximeletan taldearekin. Eta 02:00etatik aurrera Selektah Stepi DJak dantzarako musika jarriko du Burugorri Ostatuan. Goizeko 07:00etan peto jaitsiera egingo da plaza inguruan, eta ondoren gaupasazaleen argazki ofiziala, aurtengo jaiei amaiera emanez. 

Autobusak Zumaiatik Itziarko festetara joan-etorria egiteko gaueko autobus zerbitzu berezia jarri du Lurraldebusek Zumaia eta Debatik. Zumaiatik 22:30ean, 00:00an, 01:30ean, 03:00etan eta 04:30ean aterako dira autobusak, Patxita Etxezarreta kaleko geralekutik (Donostiako norabidean). Bueltako busak, Itziarren, 22:15ean, 23:45ean, 01:15ean, 02:45ean eta 04:15ean izango dira. Itziarko geralekua N-634 errepidekoa izango da, ostatuaren aurrean.