Saltoki txikien ondoan epe laburreko aparkalekuak sustatuko ditu Udalak

Baleike 2019ko abu. 5a, 14:16

Merkatari txikiei laguntzeko froga pilotu bat martxan jarriko du Zumaiako Udalak. TAO eremua gertu ez daukaten saltokientzat izan nahi du lagungarri, eta neurri honen bidez erosketak iraun bitartean egoiliar eremuan aparkatzea ahalbidetuko du.

Merkatari txikiek bi txartel berezi izango dituzte, eta edozein herritarrei lagatzeko aukera izango dute, izan zumaiarrak edo kanpotarrak, Zumaiako Udaletik adierazi dutenez. Txartel horiekin, herritarrek dendatik gertu dauden egoiliarrentzako plazetan aparkatu ahal izango dute erosketak iraun bitartean, isunik jaso gabe.

Merkatariak arduratuko dira herritarrei txartela uzteaz eta erosketa bukatzen denean berriz ere jasotzeaz. Merkatariek beraiek eskatu beharko dituzte txartelok, turismo bulegoan bihartik aurrera.

Hilabete iraungo du probak, eta TAO epea amaitzen denean kenduko da, hau da, irailaren 15ean. Udaletik adierazi dutenez, behin epea amaituta baloratuko dute datorren urtean mantenduko den, handituko den edo kenduko den.