Zumaiako trainerua zazpigarren izan da Getarian

Baleike 2019ko abu. 4a, 17:34

Asteburu gogorra izan dute KAE 1eko arraunlariek, bi estropadarekin. Atzo hamargarren eta gaurkoan zazpigarren amaitu dute Telmo Deuneko mutilek.

Zazpigarren egin du gaur Zumaiak Getariako estropadan. Donostiarra B taldeak egin du denborarik onena (20:21,11) eta haren atzetik iritsi da Enbata (20:23,86). Zumaiak 20:53,98ko denbora egin du. Gaurko estropadan sei puntu eskuratu dituzte zumaiarrek, eta hala, sailkapen orokorrean bederatzigarren postuan mantentzen dira, guztira, 55 punturekin. Zarauzko Enbata doa oraingoz lehenengo sailkapen orokorrean, 134 punturekin.

Eskualdean bertan jokatu dute gaurko estropada KAE 1eko arraunlariek, eta Telmo Deuneko mutilek ez dute asko urrundu beharrik izango datozen asteetan ere. Izan ere, abuztuaren 11n etxean izango dute estropada, eta hurrengo asteburuan Zarauzko Ikurrina izango da jokoan.