Adnan Mustafic eta Nerea Murua izan dira azkarrenak Itzurundik Arranplara

Itzurundik abiatu dira 300 igerilariak, Arranplaraino hiru kilometroko ibilbidea osatzeko. Argazkia: David Arretxe

Igeri egiteko baldintza paregabeak izan dituzte gaur Itzurun-Arranpla itsas zeharkaldian parte hartu duten 300 igerilariek, eta markak ontzeko aukera ederki baliatu dute Adnan Mustaficek (33:03) eta Nerea Muruak (39:26). Mikel Mangas (36:52) eta Arantxa Olaizola (47:06) izan dira lehen zumaiarrak, hauek ere marka bikainekin.

Gaur ez zegoen igerirako aitzakiarik. Eguraldi zoragarria, itsasoa bare, buia guztiak bere lekuan eta 300 bat igerilari Itzurundik Arranplara dauden hiru kilometroak osatzeko gogotsu. 17:00etan eman dute irteera, Itzurun jendez gainezka. Tropela laster luzatu da eta hondartza aurrean jarritako lehen buiara iristerako tarteak zabaltzen hasita zeuden probako azkarrenak.

Adnan Mustafic Arranplan. Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Hogei minutu pasatxo behar izan ditu Adnan Mustafic gorliztarrak barra puntara iristeko, orain arteko marka guztiak hautsiz. Ikusleak ohartzerako Arbustaingo Arranplara iritsi da irabazlea, 33:03ko denborarekin. Luis Goñi hernaniarra iritsi da bigarren postuan, bi minutura, eta Xabier Labaka bergararra hirugarren izan da, hiru minutu eta erdiko atzerapenarekin.

Nerea Murua helmiugara iristen.

Nere Murua zarauztarrak ere alde politarekin irabazi du, 40 minututik beherako markarekin. Bigarren Erika Amundarain izan da (Villabona), minutu eta erdira, eta hirugarren Nerea Santos urnietarra izan da. Zumaiarren artean, Mikel Mangas izan da azkarrena. Probako seigarrena izan da. Arantxa Olaizolak ere proba ederra egin du eta emakumeen artean 18. sailkatu da.

Laugarren urtez, ikuskizun ederra izan da Taosa Igeri Taldeak antolatutako itsas zeharkaldia.

Sailkapen guztiak hemen dauzkazue kontsultagai: Itzurun-Arranpla 2019

Erlazionatuak

ARGAZKIAK: Itzurun-Arranpla 2019

Zumaia

Bilduma honetan jaso ditugu aurtengo Itzurun-Arranpla igeriketa proba argazkiak. Argazkilariak: Arnaitz Rubio Aprea eta Peio Romatet.