Zumaiako 35. Musika Jaialdia

'El gabinete del Doctor Caligari' zuzeneko musikarekin, gaur Oxforden

Baleike 2019ko abu. 2a, 10:36

Kontzertuez eta dantza saioez gain, zine klasikoak ere bere tartea izan ohi du Zumaiako Musika Jaialdian. Zuzenean jotako musikarekin jantzitako zine saioak izaten dira. Gaur El gabinete del Doctor Caligari pelikula emango da Oxforden, 22:00etan. Javier Perez de Azpeitia piano jotzaileak jarriko du musika. 

Alemaniako zinema espresionistaren gailurra da film mutu hau, eta eragin nabarmena izan zuen beldurrezko zinemaren eta zinema beltzaren bilakaeran. Hipnotizatzaile zoro batek hilketak egiteko baliatuko du ezertaz jabetzen ez den gazte somnanbulu bat. Eldarniozko eta eromenezko giroa sortzeko muturrera eraman zuen Robert Wienek Espresionismoaren estetika: eskuz margotutako dekoratu itogarriak ilunak dira, makurrak, eta angelu okerrez eta itzal bihurriz beteta daude.

Harribitxi honen sakonean indarkeria eta agintekeria itsu eta basatiaren erretratua dago; Mundu Gerren arteko Alemania ilunean, gobernu militarraren pean, herritar arrunt otzanak hiltzeko makina bihurtuta ageri dira. Obeditzeko behar horretan, erotuta egon arren autoritatearen aurrean makurtu behar horretan, aurrerago etorriko zen nazismoaren erroak sumatu daitezke.

Javier Perez de Azpeitia piano jotzaileak jarriko dio musika Robert Wieneren maixu lanari. Irakaslea da Musikenen, eta Donostiako Francisco Escudero Kontserbatorioan, eta maiz eskaintzen ditu kontzertuak, besteak beste Euskadiko Orkestrarekin.

Zinemaren arloan The Silent Band ensemblearen zuzendari dihardu, eta piano jotzaile gisa ere ibilbide oparoa egin du film mutuen proiekzioetan; izan ere, Nazioarteko jaialdi eta filmoteka garrantzitsuenetan hartu du parte: Boloniako Cinema Ritrovato, Berlinale, Torontoko Film Jaialdia, Donostiako Zinemaldia, Filmoteca Española, etab. Soinu bandak ere grabatu ditu, Pascal Gaignerekin bereiziki.